Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformakoen joan den ostiraleko bilera (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformak bigarren bilera egin zuen ostiralean. Aurreko bileran baino jende gutxiago izan bazen ere, Elkarguneko aretoa bete zuten herritarrek, taldearen azalpenak entzuteko. Udalak dagoeneko onartuta du hondakinak biltzeko sistema mistoa jartzea herrian, baina taldea ez dago etsitzeko prest, eta sistemaren inguruko herri galdeketa bat egiteko prozesua hasi dute. Horretarako, sinadurak hasiko dira biltzen datozen egunetan. «Edukiontzien edo zintzilikarioen sistema nahi al duten erabaki dezatela nahi dugu», esan dute.
Ez dute zehaztu noiz ekingo dieten sinadurak biltzeari, baina larunbat goizetan egingo dutela aurreratu dute, eliza atarian. Tokiko arautegiaren oinarrien arabera, herri galdeketa egin ahal izateko hasiera batean herrian erroldatutako hamasei urtetik gorakoen %5ek behintzat bat egin behar dute eskaerarekin, eta udalak erabateko gehiengoarekin onartu behar du. Taldeak «indar handia» eta «harrera ona» duela azpimarratu dute, eta euren helburuak beteko dituztelakoan dira.
«Birziklatzea helburu»
Bilketari buruzko hainbat datu «gezurtatzeko» eta Legazpiko egoera kontatzeko asmoarekin egin zuen bilera taldeak. Azpimarratu zuten bosgarren edukiontziaren eredua «merkeagoa» eta «eraginkorragoa» dela, Legazpiko sistema mistoa adibidetzat hartuta; Legazpiko atez atekoaren aurkako taldeak emandako datuen arabera, hango sistema «sei aldiz garestiagoa» da. Dena den, Azkoitiko errealitatera egokitutako herriko daturik ez zuten zehaztu. Orain arte publiko egin den Azkoitiko txosten ekonomiko bakarraren arabera, berriz, sistema mistoarekin 148.000 euro aurreztuko dira, beti ere %70 birziklatzen bada. Serbitzu enpresak du haren aurrekontua eginda.
Bosgarren edukiontzia defendatzen duen taldeak esan du bere helburu nagusia dela «herritarrek birzikla dezaten kontzientziatzea». Hala, Urola Erdiko Mankomunitateak astero eskaintzen dituen tailerretara joan daitezen deitu dituzte herritarrak, organikoen kuboak eta poltsak jaso ditzaten. Hain zuzen, aste honetako tailerra bihar izango da, 18:30etik 20:00etara, Elkargunean. Ordu laurdeneko ikastaroak izaten dira, astero egiten ari dira, eta materiala banatzeaz gain, hondakin organikoa nola sailkatu azaltzen dute.
Taldeak, bere aldetik, adierazi zuen Cruz Alberdi orain arteko bozeramaleak taldea utzi duela. Komunikabideei bidalitako ohar batez jakinarazi zuen Alberdik berak osasun arazoen ondorioz utzi duela taldea, honakoa gehituz: «Gure sentimenduei eraginez, gezurtiek gertatu ez diren gauzak behin eta berriz errepikatzean sortzen duten giroaren eraginez etor daitezke halako gauzak». Dena den, Alberdik berak egunkari honi argitu dio inongo alderdik ez duela «zerikusirik» daukan gaixotasunarekin, eta bere «errespetu guztia» azaldu die alderdiei.