"Protagonistak triatletak dira, baina meritua zaletuena da"

Aritz Mutiozabal 2014ko eka. 17a, 05:22

Uxio Abuin galiziarrak estreinakoz eta Catriona Morrison eskoziarrak laugarren aldiz irabazi dute BH Zarauzko Triatloia. Proba estua eta borrokatua izan zen larunbatekoa, eta txapela lortzeko lehia inoiz baino irekiago egon zen, batik bat gizonezkoen mailan hamar aldiz txapeldun izan den Eneko Llanos falta zelako. Emakumezkoen artean, Morrisonek eta Maider Gaztañaga ordiziarrak ere gogor borrokatu zuten lehen postuagatik. Zarauzko Triatloi Elkarteak oraindik balorazio orokorrik egin ez badu ere, Inaxio Alguacil lehendakariak aurreratu du proba «borobila» izan zela. Azken unean gorabehera batzuk izan baziren ere—ostiralean luizi arriskua zegoela-eta Zarautz eta Getaria arteko errei bat itxi zuten eta buia batek ihes egin zuen, triatletak nahasaraziz—, oro har balorazio «positiboa» egin du. Nabarmendu du proba beraz gain, triatletek  antolakuntzaren eta boluntarioen lana goraipatu dutela, eta batez ere, bertaratu zen jendeak jarritako giro «bero eta berezia». «Batzuk aitortu dute Kale Nagusian sartu orduko oilo ipurdia jarri zitzaiela zaletuek egindako harreragatik». Norgehiagoka estua Abuin bigarrena izan zen Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian, baina bizikletako proban aldea murriztu eta aurrea hartu zioten. Une horretan, Fraser Cartmell eskoziarra eta Roger Serrano katalana aritu ziren nor baino nor, bereziki Aia eta Orio aldeko maldetan. Korrika irteten Serrano izan zen lehena, eta haren atzetik Cartmell, baina aurrez egindako esfortzua lasterkaldian nabari zuten, eta kataluniarra atzean geratzen joan zen berehala. Atzetik aurrerako susperraldian, Abuinek aurretik zituenak atzean utzi eta bost segundoko aldearekin irabazi zuen proba, 04:04:53ko denbora eginez. Bere atzetik, orpoz orpo, Cartmell helmugaratu zen (04:04:58), eta hirugarren postuan Joan Ruvireta kataluniarra (04:05:54). Jon Unanue zarauztarrak erakustaldi bikaina egin zuen bosgarren postuan sailkatuz (04:09:43). Emakumezkoek gertutik jarraitu zieten gizonezkoei. Gaztañaga izan zen igerian bizkorrena, abantaila nabarmena ateraz Morrisoni. Hala ere, bizikletako zatian eskoziarrak aurrea hartu zion. Bien arteko aldea handia ez bazen ere, Morrisonentzat nahikoa izan zen berriro ere Zarautzen garaipena eskuratzeko (04:25:58); 2010ean, 2011n eta 2013an irabazi zuen aurrez proba hau. Gaztañagak ezin izan zuen duela bi urte erdietsitako lorpena errepikatu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen (40:29:31). Hirugarren postuan Saleta Castro galiziarra sailkatu zen (04:53:52). Proba nagusiaren biharamunean, Triatloi Txikia egin zuten 1998 eta 2005 bitartean jaiotako haurrek. Alguacilek giro «ederra eta hunkigarria» sortu zela adierazi du; izan ere, aurten estreinakoz Zarautz Egokituz-eko— aniztasun funtzionala duten haurren guraso taldea— bospasei haurrek ere hartu zuten parte. Jasotako dirua Aspanogi elkartera bideratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide