Langabetuek garapen pertsonala eta profesionala landu dituzte Langunean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 17a

Martxoa eta ekaina bitartean 28 lagunek parte hartu dute Langunea programan. (Urola Kostako udal elkartea) «Langunea programak jarrera aktibo baterantz bideratzen du pertsona. Lana bilatzeko bere prozesua hobetzeaz gain, bakoitzaren baliabideak, konfiantza eta potentzialitatea azalarazten laguntzen du. Programa berritzailea denez, hasieran parte-hartzaileei kosta egin zitzaien eredu berri horretara moldatzea», azaldu dute proiektuko arduradunek. Urola Kostako Udal Elkarteak martxoan abiatu zuen Langunea programa, eta «arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute. Horregatik, irailetik abendura beste bi talde antolatuko ditu Udal Elkarteak. Bata astelehen eta asteazkenetan bilduko da, eta bestea astearte eta ostegunetan. Langunean izena eman nahi dutenek ekainaren 23tik uztailaren 11ra bitartean dute horretarako aukera Urola Kostako Udal Elkartean. Eskaera orria www.urolakosta.org-n eskuratu daiteke. Teoria eta praktika Arduradunentzat Langunea programa berritzailea izan da hainbat ezaugarrigatik: «Elkar laguntza eta kooperazioa oinarri hartuta, lana bilatzeko bakoitzaren prozesua hobetzea du helburu. Pertsona bakoitzaren baliabideak, autokonfiantza eta potentzialitatea azaleratzen laguntzen du», azpimarratu dute. Programak bi lan ildo jorratu ditu. Prestakuntza teorikoa batetik, eta lan praktikoa bestetik. «Garapen pertsonala, rol profesionalerako garapena eta automarketina eta lan merkatuarekiko posizionamendua landu ditugu». Gainera, laneko aholkulari eta adituek programan parte hartu dutenei banan-banako jarraipena egin diete, ikasitakoa bakoitzaren egoera pertsonal eta profesionalera aplikatzeko. Krisi ekonomikoaren eraginez asko dira eskualdean lanik gabe geratu eta lan bila ahalegin handia egiten ari direnak. «Zenbaitek hilabeteak eta beste batzuek urteak daramatzate lan bila, eta bide horretan ezina eta kezka nagusitzen dira askotan, etsipena ekarriz», azaldu dute. Ildo horretatik, Languneak eskaintzen duena nabarmendu dute: «Programa amaitutakoan, parte-hartzaileak lana bilatzen jarraitzeko indartsuago eta jantziago daude baliabide pertsonal eta profesionalean». Martxotik ekainera bitartean bi talde aritu dira lanean programaren barruan. Ezaugarri desberdinak dituzten pertsoek hartu dute parte bertan: «23- 59 urte bitarteko herritarrek hartu dute parte. Batzuk oinarrizko ikasketak dituzte, eta beste batzuk masterdunak dira; 13 gizonezko eta 15 emakumezko». Urola Kostako Udal Elkarteak programa horrekin «ugaritasunaren aldeko apustua» egin nahi izan du. «Lortutako emaitzak zuzen gabiltzala erakutsi digu, modu honetan emaitza askoz ere aberasgarriagoa izan baita».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide