Egitarau "zabala eta anitzarekin" dator Ekainfest

Zestoako Hitza 2014ko ekainaren 16a

[caption id="attachment_99820" align="aligncenter" width="300"]Ekainfesten aurkezpena egin dute gaur(Gipuzkoako Foru Aldundia) Ekainfesten aurkezpena egin dute gaur
(Gipuzkoako Foru Aldundia)[/caption] Ekainaren 28an ospatuko dute Ekainfest ekitaldia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zestoako Udalak eta Ekainberrik gaur egin duten aurkezpenean jakinarazi dutenez, "berrikuntzaz beteta" dator aurten ekitaldia. Besteak beste, estreineko aldiz Historiaurreko Olinpiadak egingo dituzte. Aurten, gainera, Suaren etorrera antzerki obra Zestoako Interpretazio Eskolak eskainiko du, iluntzean. Bosgarren urtez, Historiaurrera egingo dute salto Zestoan egun horretan, eta aurreko urteetako partaideen "harrera onari" erantzuteko asmoz, ekintza ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Erakundeen arabera, Ekainfesten ezaugarri nagusiak "partaidetza eta kultur eta ondare-transmisioa" dira. Garazi Lopez de Etxezarreta aldundiko kultura zuzendariaren esanetan, festa honen bidez kultura eta ondarea modu ludikoan gizarteratzen dute. Beste urte batez, Ekaingo koban duela 14.000 urte zaldiak marraztu zituztenei omenaldia egingo diete Ekainfesten, arbasoen bizimodura hurbiltzeko ekintzen bidez. Herritarrak, ohi bezala, lan horretan parte aktiboak izango direla azpimarratu dute. Ekainberri Fundazioa, 'Ice Age Europe' sarean Ekainberri Fundazioa, bestetik, Ice Age Europe sareko kide egin dela jakinarazi du Lopez de Etxezarretak: "Izotz-aroko Ondarearekin zerikusia duten zenbait Europako toki biltzen ditu sare horrek. Badira tartean Museoak  (Solutrelko museoa, Frantzian, Neanderthal Gizakiaren Museoa, Alemanian, Gizakiaren Eboluzioaren Museoa edo Altamirakoa Espainian); baita bisitagarriak diren labarretako artea duten haitzuloak ere (Tito Bustillo, Espainian edo Isturitz eta Oxocelhaya, Ipar Euskal Herrian) edo haitzulo horien erreplikak (Ekainberri  edo Santimamiñekoak). Elkarlanean arituko gara, ikuspegi zientifikotik eta baita jendea erakartzeko ere". Hemen Ekainfesteko egitaraua:
  • Egun osoan zehar, Historiaurreko pintxo berezien tourra, Ekainberrin.
  • Goizean, haurrentzako Historiaurreko lehiaketa, herrigunean, Sastarrainen eta Ekainberrin.
  • 11:00etatik 14:00etara, pottokak eta ibilaldiak, Lauiturritik Ekainberrira.
  • 10:00etatik 13:00etara, Lili Jauregiko bisitak, Agur Lili antzezlana.
  • 10:00etatik 13:00etara, bisita bereziak Ekainberrira, Lili Jauregitik.
  • 15:00etatik 17:00etara, Historiaurreko tailerrak, Foru Plazan.
  • 16:30ean, bisita gidatuak Zestoako bainuetxean.
  • 17:00etatik 20:00etara, Historiaurreko Olinpiadak, Foru Plazan.
  • 20:00etan, sari banaketa, Foru Plazan.
  • 20:30eatik 21:30era, arkumea burruntzian erretan, Foru Plazan.
  • Iluntzean, Suaren etorrera antzezlana, Lauiturritik Foru Plazara.
  • 22:30ean, Historiaurreko edari magikoa, Laranjadi plazan.
  • 23:00etatik 00:00etara, musika emanaldia Berriketanekin, Laranjadi plazan.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide