Herritarrek hala aukeratuta, oinezkoa eta kioskoduna izango da plaza berria

Olatz Prat 2014ko ekainaren 16a

Oinezkoentzako egokitua eta kioskoduna izango da Azpeitiko plaza nagusi berritua. Hala erabaki dute asteburuan herri galdeketan parte hartu duten herritarrek. Irudika estudioak aurkeztutako proiektuak (bigarren aukera bezala aurkezten zenak) jaso ditu, gainera, boto gehien, eta beraz proposamen horretan oinarrituko dute plaza berriaren behin betiko diseinua. 16 urtez gorako herritarrek zuten galdeketan parte hartzeko eskubidea: 12.099 herritarrek orotara, eta horietatik 3.573 herritarrek eman dute euren botoa. Plaza oinezkoentzako ipintzearen eta kioskodun plazaren aldeko jarrera hartu dute herritar gehienek, alde handiz. Aldiz, hiru proiektuen artean aukeratzeko galderak, oso emaitza estua eman du, boto bakar baten aldea atera baitio bigarren aukerak (1.545), lehenengoari (1.544). Hirugarren aukerak 417 boto lortu ditu. 66 boto zuri jaso dira, eta boto bat baliogabetzat jo dute. Izan ere, bi proiektu aukeratu ditu boto-emaile horrek. Eneko Etxeberria alkateak atzo adierazi zuenez, arkitektoek aurkeztutako proposamenak ez dira zeharo garatuta dauden proiektuak. «Jendeak zer-nolako plaza irudikatzen zuen jakin nahi genuen eredu hauekin», azaldu zuen. Ezinbestean, azterketa eta zehaztapen teknikoak behar ditu, gehiengoak aukeratutako bigarren proiektuak ere, beste biek bezala. Horregatik, zehaztapen horiek guztiak egiten joateko jarraipen batzorde bat eratuko dute datozen egunotan, eta han erabakiko dituzte lanen epeak ere. Etxeberriak adierazi zuen batzorde hori erabat irekia izango dela,  eta nahi duten herritarrek hartu ahal izango dutela parte bertan «euren ekarpenak eginez». Hurrengoetarako irakaspena Etxeberriak «zorionak» eman zizkien parte hartu duten herritar guztiei, galdeketa inongo arazorik gabe joan delako eta parte-hartzea «handia» izan delako. Era berean, galdeketak bi gauza sustatu izana nabarmendu zuen: «Alde batetik, Alde Zaharra biziberritzeko prozesua interesen erdigunean ipini du eta, bestetik, herritarrek herriko gauzetaz hitz egin dute egunotan, eta hori beti da ona». Edonola ere, «hobetzeko aukera beti» dagoela adierazi zuen, eta etorkizuneko galdeketetan, «hobeto egin daitezkeen gauzak hobeto egiten» saiatuko direla esan zuen. EAJk, bere aldetik, «herritarrek erabakitakoa burutzea» dagokiela eta «kioskoaren egitura nola dagoen zehatz-mehatz aztertu» behar dela adierazi du, «herriko plazaren erreferentzia-puntu izaten jarrai dezan bermatzeko». Bestetik, etorkizuneko galdeketetan parte-hartzea handitzeko biderik egokienak bilatu beharra nabarmendu du, «hautestontziak beste auzo batzuetan ere jarriz, edo botoa postaz emateko aukera eta boto delegatua egiteko aukera ere emanez». EMAITZAK Parte-hartze datuak: - Hautesle errolda: 12.099. - Hautesle kopurua: 3.573. - Parte-hartzea: %29,53. 1. Oinezkotzea - Aldekoak: 2.360 (%66). - Aurkakoak: 1.042 (%29,2). - Boto zuriak: 171 (%4,8). 2. Kioskoa mantentzea - Aldekoak:  2.132 (%59,67). - Aurkakoak: 1.301 (%36,40). - Boto zuriak: 171 (%3,97). 3. Gustuko proposamena - 1. proiektua (BiRG):  1.544 (%43,21). - 2. proiektua (Irudika): 1.545 (%43,24). - 3. proiektua (Landatek): 417 (%11,67). - Boto zuriak: 66 (%1,85) boto zuri. - Boto baliogabeak: 1 (%0,03). *Iturria: Azpeitiko Udala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide