Pedro Etxeberria, mendi lasterkaria: "Balorazioa ona da, irabazi nuenean baino 44 minutu gutxiago behar izan baitut"

Aritz Mutiozabal 2014ko eka. 16a, 14:11

 
Aritz Mutiozabal-Sasoian.info. Duela bi urteko Hiru Haundiak mendi probako arantza kendu du Pedro Etxeberriak (Zumaia, 1975), eta bigarren postuan helmugaratu da, bere marka nabarmen hobetuz (11:14:36). Aurreko ekitaldian erretiratu egin zen minez; duela lau urte txapelduna izan zen, ordea. Aurten, Javi Dominguez gasteiztarra izan da nagusi Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen 100 kilometroko ibilbidean.

Bigarrena izan zara Hiru Haundiak proban. Zer-nolako balorazioa egiten duzu lasterketaz?

Duela lau urte, bi ekitaldi atzera, garaile izan nintzen, baina duela bi urte, azken ekitaldian, erretiratu egin nintzen lesio baten erruz. Egia esan, egiten dudan balorazioa ona da, irabazi nuenean baino 44 minutu gutxiago behar izan baitut ibilbidea osatzeko. Beraz, oso pozik nago egindako lanarekin.

Aurretik proba irabazita zeneukala kontuan izanda, agian batzuentzat zu izango zinen faborito nagusia?

Ez, Javi Dominguez zen hasiera-hasieratik Hiru Haundiak irabazteko faborito nagusia. Pronostiko guztietan bere izena agertzen zen. Hamar lagun geunden podiumera igotzeko borrokan, eta txapeldunordea izatearekin oso gustura nago.

Garaipena borrokatzeko aukerarik izan al zenuen?

Dominguezekin batera 27 kilometro inguru egin nituen, baina Otxandioko anoa gunean jateko geratu nintzen ni eta hark aurrera jarraitu zuen. Harrezkero, lasterketa osoan bigarren postuan izan nintzen. Zentzu horretan, garaipena lortzea oso zaila ikusten nuen. Atera zidan denbora tartea ez zen murrizten ,ezta areagotzen ere, eta, azkenean, erritmoa mantendu nuen.

 Elkarrizketa osoa Sasoian.info webgunean

Pedro Etxeberria proban zehar (Leire Zearreta).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide