Hondakinak gaika biltzen "hobekuntzak" eman dituzte Getarian

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 16a

Hondakinak gaika biltzera animatu nahi dituzte herritarrak Getariako Udaletik. (Egilea: Miriam Tamayo) Hondakinen sorrera murriztea eta herritarren artean birziklapena sakontzea da Getariako Udalaen helburu nagusietakoa eta ildo horretan azken hilabeteetan hobekuntzak eman direla jakinarazi dute udaletik. «Urtez urte handitzen doa birziklatzen duten herritarren kopurua eta herriko birziklatze tasa ere hobetuz doa. 2010ean hondakinen %21,23 birziklatzen zen eta 2013an, berriz %30,80» azaldu dute Getariako Udaletik. Udal Gobernuko kideen iritziz garrantzitsua da herritarrei birziklatzeko ahal den erraztasun gehien ematea eta horretarako azken astetan hainbat hobekuntza egin dituzte hondakinen bilketa sisteman. Alde batetik, kaleko zakarrontzi arruntak zeuden lekuetan orain lau ontzi jarri dituzte. Lehengo ereduarekin dena nahasita jasotzen zuten eta orain hondakinak lau frakzio desberdinetan bereizita jasoko dituzte. «Herriko 18 putuetan egin da hobekuntza eta horrekin getariarrei kalean ere birziklatzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu». Filosofia bera jarraitu dute landa eremuan ere eta auzotarrek birziklatu dezaten hiru ekarpen gune berri jarri dituzte, Eitzagako bidegurutzean, Abeta baserrian eta Indauxko bidegurutzean. Bestalde, Getariako jatetxeetan pentsatuz ikatzaren errautsak jasotzeko ontzi berria bat jarri dute Maiñelak Jatetxearen parean, «proba modura. Hondakin mota hau ere birziklagarria da eta aurrerantzean bereizita biltzeko aukera izango da». Oro har, Getariako Udalak herrian dituzten aukera desberdinak erabili eta herritar guztiak birziklatzera animatu nahi dituzte. Horretarako oraindik edukiontzi marroia ez dutenek, udalean eskuratu dezaketela gogorarazi dute. «Udala prest dago bertara hurbiltzen diren guztiei behar diren azalpenak emateko. Azken hiru urtetan asko handitu da etxean organikoa bereizten duten herritar kopurua eta aurrerantzean ere horrela jarraitzea nahiko genuke».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide