Uxio Abuin eta Catriona Morrison garaile BH Zarauzko Triatloian

Aritz Mutiozabal 2014ko ekainaren 14a

Ezkerretik hasita, Fraser, Abuin eta Ruvireta (Aritz Mutiozabal). Uxio Abuin galiziarrak estreinakoz eta Catriona Morrison eskoziarrak laugarren aldiz BH Zarauzko Triatloia irabazi dute. Proba estua eta borrokatua izan dute buru izan diren triatletak, eta aurtengo  txapela lortzeko lehia inoiz baino irekiago egon da, batik bat gizonezkoen mailan. Abuin lehena izan da Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldian, baina bizikletako proban aldea murriztu eta aurrea hartu diote. Une horretan, Carmell Fraser eskoziarra eta Roger Serrano katalana aritu dira nor baino nor, bereziki Aia eta Orio aldean gainditu behar izan dituzten maldetan. Korrika irteten Serrano izan da lehena eta haren atzetik Fraser, baina egindako esfortzua lasterkaldian nabari dute, eta katalana atzean geratzen joan da berehala. Atzetik aurrerako susperraldian, Abuinek aurretik zituenak atzean utzi eta 5 segundoko alde eskasarekin irabazi du proba, 4:04:53ko denbora eginez. Bere atzetik, orpoz orpo, Fraser helmugaratu da (4:04:58), eta hirugarren postuan Joan Ruvireta katalana (4:05:54). Jon Unanue zarauztarrak erakustaldi bikaina egin du, bosgarren postuan sailkatuz (4:09:43).   Ezkerretik hasita, Gaztañaga, Morrison eta Castro (Aritz Mutiozabal).   Emakumezkoetan, Maider Gaztañaga ordiziarra izan da igeri egiten bizkorrena, eta abantaila nabarmena atera dio Morrisoni. Hala ere, bizikletako zatian eskoziarrak harrapatu eta aurre hartu dio. Bien arteko, aldea handia ez bazen ere, Morrisonentzat nahikoa izan da berriro ere Zarauzten garaipena eskuratzeko (4:25:58); 2010, 2011 eta 2013an irabazi zituen gainerakoak. Gaztañagak, azkenean, ezin izan du duela bi urte erdietsitako lorpena bermatu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du (4:29:31). Hirugarren postua, lehen biengandik oso urruti, Saleta Castro galiziarra sailkatu da (4:53:52). Oro har, giro ona izan dute proban parte hartu duten 650 triatletek, nahiz eta itsasoa nahasi samarra izan duten hasieran. Bizikletako proban eta, batez ere, korrikaldian herritarren eta zaletuen beroa jaso dute, urtero bezalaxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide