Zarauzko industriak ingurumenean duen eragina aztertuko du udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 13a

Zarauzko Udalak «ezinbestekotzat» jo du ingurumenean eragina duten jarduerak ezagutu eta erregularizatzea, eragin hori ekidin edota murrizte aldera. Horrenbestez, Abendaño industriaguneko lokaletan garatzen den jarduerari buruzko informazioa bilduko du. Besteak beste, jarduera bakoitzak zein hondakin sortzen dituen aztertuko du, eta baita ur sarera zein airera zer isurtzen duen ere. Horrez gain, eraikinek suteen aurkako zein babes maila duten ere ikertuko du, eta baita jarduera bakoitzaren arduradunak zeintzuk diren eta udalaren oharrak zein helbidetan jaso nahi dituzten ere. Helburu horiekin programa berezi bat jarri du martxan udalak. Lehen fasea Abendañoko industriagunean egingo dute, eta gutun bidez egingo dira deialdiak. Zarauzko udalaren asmoa herriko industriagune guztietara iristea da. Arduradunekin elkarlanean jardungo du , hauen jarduerak legeztatzerakoan izan ditzaketen zalantzak argitu eta tramiteak egiten laguntzeko. Ekimen horrekin, Ehuntzen planeko 33. puntuan hartutako konpromisoa betetzen jarraituko du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide