Benito Lertxundik Gipuzkoako Urrezko domina jaso zuen Martin Garitanoren eskutik. (Egilea: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Ostegun arratsaldean Benito Lertxundi kantari oriotarrak Gipuzkoako urrezko domina jaso zuen Martin Garitano diputatu nagusiaren eskutik. Oriotarrak ekitaldian adierazi zuenez, "ez dut inork baino meritu gehiago duenaren sentsaziorik. Zorte handia da gure lanbidea jorratzen aritzea. Hain da janari ona bihotzera doana…". Hala ere, aitortu zuen, "barnean daramagun ilusiozko ume horrentzako estimulu handia da sari hau". Nolanahi ere, "bada jendarte kantuzale zabal bat eta horiek biziki pozten dira gu horrela sarituak garenean. Eta gure emanaldi bakoitzean haien txaloekin eta afektuarekin saritzen gaituzte. Eta horiengatik nago ni hemen. Sari hau, puska handi batean guzti horiena da, zuena" adierazi zuen.
Lertxundiz gain, Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak eta frankismoaren garaian espetxeratutako emakumeek Gipuzkoako urrezko plakak jaso zituzten osteguneko ekitaldian.
Ostegun arratsaldean egin zuten ekitaldia Donostiako Gipuzkoa Plazan. (Egilea: Gipuzkoako Foru Aldundia)