[caption id="attachment_99227" align="aligncenter" width="300"]

Zarautzen egingo den Euskal Herriko Trikitixa Eguna aurkezten (Aritz Mutiozabal/ Hitza)[/caption]
Trikitizaleek galdu ezin duten hitzordua antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak iganderako, Zarauzko Udalaren laguntzarekin: Euskal Herriko Trikitixa Eguna. Ospakizun horren helburua trikiti eta pandero ikasleek elkar ezagutzea da nagusiki, euren arteko harremana sustatzea, motibatzea, ondo pasatzea eta trikitiarekiko zaletasuna bultzatu eta areagotzea. Urtean zehar ikasitakoa praktikan jarriko dute, gainera.
Halaber, irakasleek ere izango dute elkar ezagutzeko aukera. «Urtetik urtera irakasle berriak sortzen dira», nabarmendu du Adolfo Jainaga elkarteko kide eta trikitixa irakasleak: «Trikiti eskolan aro modernoa zabaldu zen 90. hamarkadan, eta orain arte iraun du. Badirudi aurrera jarraitzen duela. Baten batzuek pentsatzen zuten hau moda kontua izango zela, baina ikusten dugu jarraipena baduela».
Hain zuzen, zaletasun horren berri emango dute etzi Euskal Herriko Trikitixa Egunean. Jakinarazi dute Euskal Herriko herrialde guztietako trikitizaleak elkartuko direla lehenbiziko aldiz Zarautzen, zehazki, 500 lagun inguru, adin guztietakoak. «Hori da aberasgarriena: adin eta maila ezberdinetako trikitilariak elkartu eta elkarrekin jotzeko aukera izatea», adierazi du Maider Jauregi elkarteko idazkariak. Ez da, ordea, soilik trikitilari eta panderojoleei zuzendutako festa izango: «Egun hau zabalagoa da gure ustez, eta zaletasun hau duen orok hartu dezake parte», iritzi dio. Trikiti doinuak entzutea nahiz dantzatzea gogoko dutenak ongietorriak izango dira.
Goizeko 11:00etan elkartuko dira guztiak Musika Plazan. Pintxo batzuk banatuko dituzte bertan, eta ondoren kalejira egingo dute herriko hainbat kaletatik, 14:00ak ingurura arte. Jarraian «bazkari handia» egingo dute Munoan—eguraldi txarra egingo balu, Zinema frontoian elkartuko liratezke—. 17:30ean erromeria egingo dute Dantzadi taldearekin. «Hor bukatuko genuke jaia. Jarraitu nahi duenak aukera izango du gero, ordea».
Duela hamalau urte ingurutik du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak egoitza Zarautzen, eta herrian ere trikitiari eskainitako eguna ospatzeko «gogoz» daude aspalditik. Aurten aukera hori suertatu zaie, eta «ilusio handiz» hartu dute, Jauregik adierazi duenez. Gari Berasaluze Kultura zinegotziak Zarautz plaza gisa aukeratu izana eskertu die.