Hemenbuy plataformaren aurkezpena atzo (Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak, Elkarmedia enpresaren bidez, bi herri horietako merkataritza sustatzeko egitasmo berri bat jarriko du martxan udaran. Hemenbuy (hemen erosi) plataforma digitala saltoki txikien bilgune izango da, herritarrek Internetez egin ditzaten erosketak. «Internetez herrian erostea ahalbidetuko du atariak», azpimarratu du Joxe Antonio Sudupe Elkarmediako kideak.
Udaletako, Iraurgi Berritzen-eko eta Elkarmediako ordezkariek atzo aurkeztu zuten ekimena, eta bi herrietako dendariak bertara batzera gonbidatu zituzten. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, «sareko merkataritza gunea» izango da Hemenbuy. «Merkataritza puntu garrantzitsuak dira bi herriak, baina badakigu zailtasun asko dituztela egun. Orain arte, merkatari txikiek etsai gisa zuten Internet, baina konturatu dira aliatu garrantzitsua dela». Salmentetarako sareak duen garrantzia azpimarratu dute guztiek, «joerak bide horretan doazelako». Hala, plataforma honek aukera berriak sortuko dizkiela esan dute.
Gaur jarriko dute martxan
www.hemenbuy.com ataria, baina zerbitzua udan eskaintzeko asmoa dute. Izan ere, aurrena merkatariak egitasmoarekin bat egin dezaten animatu dituzte. Azkoitian eta Azpeitian dagoeneko dozena bana merkatari ari dira proba pilotuan. Gauzak ondo joanez gero, gainera, plataformarekin zuzeneko edo zeharkako postu berriak sortuko direlakoan dira ordezkariak.
Suduperen esanetan, hainbat dendariz osatutako gunea izango da Hemenbuy, baina plataforma horretan bakoitzak bere autonomia ere izango du. Horientzat erabilerraza izatea izan da enpresaren beste helburuetako bat, eta kudeatzaile baten laguntza izango dute. Gainera, formazioa jasoko dute merkatariek. Hain zuzen, Enplegu Planaren bidez Edurne Azkune kontratatu dute ekimena kudeatu, dendariekin harremanetan egon, lagundu eta bitartekari lanak egiteko. Beraz, interesa duena edo informazio gehiago nahi duena berarekin jar daiteke harremanetan, 636-29 85 29 telefonora deituta edo
eazkune@iraurgiberritzen.net helbidera idatzita.
Udalek ere laguntzak emango dizkiete ekimenarekin bat egiten dutenei. Azpeitiko Udalak, esaterako, kostuaren erdia ordainduko duela esan du. Beste modu batzuetako laguntzak ere eskainiko dituzte bi udalek, euren helburua delako «ahalik eta kostu txikienarekin merkatariek euren saltokia Interneten izatea».
Herritarrek, berriz, eskaintza zabala jaso ahal izango dute zerbitzu berriarekin. Zentzu horretan, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak herrian erostearen garrantziaz hitz egin du: «Merkataritza gune handiek txikiak jan dituzte, eta herrian erosteak zer garrantzia duen jakitun izan behar dugu».