Azpeitiko EH Bildu: «Galdeketa politika egiteko era berrien eredua da»

Olatz Prat 2014ko ekainaren 13a

Azpeitiko plaza berritzeko herri galdeketaren harira, EH Bilduk adierazi du herritarren parte hartzeak «politika egiteko eredu berriaren oinarri» izan behar duela. Ezinbestekoa ikusten dute herritarrek «tresna hauek eurenak egin eta herritarren ahotsarentzat udalaren eguneroko praktikan ezinbesteko lekua egitea». Horregatik, dei egin diete herritar guztiei asteburuan egingo den herri galdeketan parte hartzeko. EH Bilduren ustez, «plaza oinezkotzea Alde Zaharraren biziberritzearen barruko pauso garrantzitsua» da, baina, orain arte egindakoari jarraiki, «ezin da urrats isolatu gisa kokatu, proiektu integral baten barruan» baizik. Hala, «herriko plaza egun den aparkaleku soil izatetik, herritarron topaleku eta kultur gunea izatea» litzateke euren nahia, «herriaren benetako bihotza bilakatzea, eta bere arteriak Alde Zaharreko kaleak» izatea. Adierazi dute, EH Bilduk udalean gehiengoa izanik ere, «herriari galdetzeko apustua» egun dutela oposizioko alderdiekin hala adostuta. «Plazaren gaineko erabakiak ertz asko ditu, ikuspegi ezberdinak eta guztiek izango dute beren iritzia emateko aukera», adierazi dute. Alde Zaharrekoen deia Alde Zaharreko bizilagun talde batek ere herritarrak galdeketan parte hartzera animatu ditu. Alde Zaharra biziberritzeko bidean «plaza oinezkotzea pauso garrantzitsu bezala» ikusten dute. Baina, oinezkotzea biziberritze horretan eman beharreko beste zenbaiten aurrekari izatea espero dute: «Badakigu oinezkotzea bakarrik ez dela nahikoa, Alde Zaharrera jendea erakarri behar baita, etxeak berrituz jendea bizitzera etor dadin edo aisialdirako eskaintzak eginez, esaterako», azaldu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide