Aztik eta aldundiak Zarauzko hondar berriaz hitz egin dute

Onintza Lete Arrieta 2014ko ekainaren 13a

«Zarauzko hondartzak ez zuen eta ez du hondarrik behar; olatuek eramandako harea olatuek itzuliko dute». Aurreko astean egin zuen adierazpen hori Zarauzko Arkamurka Natur Taldeak, Jaizkibelgo 100.000 metro kubiko hondar bota dituztelako Zarauzko hondartzan. Zarauzko Udalak erantzun zuen erabakia «kontrastatuta» hartu zuela. Orain, deklarazio gehiago iritsi dira. Besteak beste, Azti Zentro Teknologikotik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik. Berria-k atzo bi orritako erreportaje bat argitaratu zuen hainbat hondartzatan Jaizkibeldik eramandako hondarra botatzeak eraginako ika-mikei buruz. Eskualdean bi hondartzatan erabili dute Jaizkibelgo Asabaratzako hondar bankuko materiala: Zarauzko hondartzan, eta Getarian (80.000 metro kubiko). Eta Zarauzko kasuak hautsak harrotu ditu. Herriko natur taldea kontra agertu da, eta orain, baita Azti ere. Aztiko Itsas Ikerketako Unitateko zuzendaria da Adolfo Uriarte, eta Berria-ri egindako adierazpenetan argia izan da: «Galdetu izan baligute, Zurriolan ez beste hondartzetan ez zen Jaizkibelgo hondarrik botako». Hain zuzen, Arkamurkako kideek ere kritikatu duten gauzetako bat da beraiei galdetu ez izana halako erabaki bat hartu aurretik. Elkarte honen arabera, erabakia herritarrei galdetu gabe eta «kontrastatutako iritzi teknikorik gabe» hartu da. Berria-k jaso duenez, elkartearen ustez «asko dira premiarik gabe arriskuan jarri diren hondartzaren ezaugarriak: haren malda alda daiteke, paseatzeko hain erosoa zen gunea moldatuz; hondar-guneak eta tontorrak formaz alda daitezke eta ikusteko dago hainbat erabilerari nola eragingo dien; surfari, futbolari... Gainera, ekarritako hondarraren tamaina txikiko zatiek ura zikintzen dute eta hautsa sortzen da hondar lehorrean». Aldundia eta udala Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpenak ere jaso ditu Berria-k. Aldundiak ukatu egin ditu, nolabait, Zarauzko Udalak aurreko astean esandakoak (HITZA-k argitaratu zituen adierazpenak). Udalak esan zuen erabakia hartu zuela «adituekin, herriko hainbat eragilerekin, teknikariekin eta aldundiarekin kontrastatu eta ondorioak aztertu ondoren». Eta gaineratu zuen: «Aldundiak udalari jakinarazi zion, hondarra botatzeak inolako kostu ekologikorik ez duela, eta Kosta Zuzendaritzak kalitate, osasun eta inguru- men aldetik bere berme guztiak eman zituen». Aldundiak, berriz, ukatu egin du gai honetan esku hartu izana; eskumenik ez duela esan du. Berria-ren arabera, aldundiko iturriek esan dute aldundiak ez duela inolako baimenik eman halako operazioak egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide