Lehia irekita egongo da BH Zarauzko Triatloia 2014ko txapela lortzeko

Aritz Mutiozabal 2014ko ekainaren 13a

[Sasoian.info] Eneko Llanosen absentziarekin jokatuko da BH Zarauzko Triatloiaren XXVIII.a. Proba hamar bider irabazi duen kirolari gasteiztarrak Roth-eko ironmana du buruan, eta aurten ez da irteera gunean izango. Haren hutsuneak parte-hartzaile askori zabaldu dio txapela lortzeko aukera. Aimar Agirresarobe tolosarra, Fraser Cartmel eskoziarra, Gwanael Oilleres frantsesa eta Pedro Miguel Reig espainiarra faboritoen zerrendako izenetako batzuk dira, gizonezkoetan. Lehia ikusgarriena emakumezkoen artean espero dute antolatzaileek; batik bat, Catriona Morrison eskoziarraren, Maider Gaztañaga ordiziarraren eta Saleta Castro galiziarraren artean. Morrisonek eta Gaztañagak badakite Zarautzen irabaztea zer den, eta garaipena berretsi nahiko dute aurten ere. Zarauzko Triatloia bihar arratsaldean abiatuko da Getariako Malkorbe hondartzatik, eta, orotara, 650 triatletek hartuko dute parte. Emakumezkoak irtengo dira lehenik igerian, 14:00etan, eta gizonezkoak ordu laurden geroago. Beste behin, malekoian atonduko dute box eremua, eta bertan egin beharko dituzte kirol batetik besterako aldaketa guztiak. Getaria-Zarautz banatzen dituen 2.900 metroko zeharkaldia osatu eta berehala, 81 kilometroko txirrindularitza lasterketari ekingo diote; Meaga alderanzko zirkuituari bi itzuli eman ondoren, Orio alderantz joko dute ibilbideko gune zorrotzena osatzeko, Aiako murrua eta Txurrukako igoera, alegia. Errepidea itxita Triatleten mesederako, txirrindularitzako zatia egiteko 15:00etatik 17:30ak ingurura arte itxi egingo dute Zumaia eta Zarautz arteko kostako errepideko errail bat; Zumaiatik Zarautzera joatekoa. Beraz, ordu horretan Zumaiatik Zarautzera joateko Meagatik edo autobidetik egin beharko da. Era berean, Zarauztik Zestoaranzko norabidean ezingo da ibilgailurik pasa 14:00ak eta 16:45ak bitartean; Zestoatik Zumaiara joateko, Oikia eta Bedua auzoetatik barrena egin beharko da, 14:30ak eta 17:00ak bitartean. Bizikletak utzi eta oinetakoak jantzi bezain pronto, 20 kilometroko korrika saioarekin biribilduko dute proba parte-hartzaileek. Otsaileko itsasaldiek Malekoiko hainbat eremutan eta kanaleko pasabidean kalteak eragin zituela eta, ohiko ibilbidea aldatu behar izan dute. Hori horrela, lasterketa herrigunetik pasatuko da ia bere osotasunean; besteak beste, bost aldiz zeharkatuko dute Kale Nagusia. Azken urteetan bezala, aurten ere Expo erakusketa jarriko dute Munoa plazan. Bertan, probaren babesle nagusienen produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bisitariek. Aurten, gainera, Salbatore Mitxelena Ikastolak ere postu bat jarriko du, pintxoekin eta edariekin. Umeentzako tailerrak ere antolatuko dituzte. Triatloia zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da, Munoa plazan bertan jarriko duten pantaila erraldoiaren bitartez. Triatloi Txiki elkartasun probaren txanda izango da igandean Etzirako, berriz, Triatloi Txiki elkartasun proba antolatu dute 1998 eta 2005 bitartean jaiotako neska-mutilentzat. Partaide bakoitzak bere ekarpena egin ahal izango du, eta jasotako dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari bideratuko diote. Proba Zarauzko Dama inguruan jokatuko dute, Malekoian, 10:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide