Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hitzordu garrantzitsua dute bihar goizean Itxas Gain piragua taldeko Imanol Barruetabeñak, Unai Gerekak eta Irati Osak. Hirurek K2 modalitatetan egingo dute arraun Piestany-n (Eslovakia) jokatuko den Europako Maratoi Txapelketan. Lehenengo biek batera, eta Osak, Bilboko Ainhoa Hidalgorekin osatutako ontzian.
Váh izeneko ibaian egingo dute proba. Jubenil mutilek, guztira 22,5 kilometroko ibilibdea osatu beharko dute. Horretarako, ibaiari 6 itzuli eta 120 metroko 5 porteo egingo dizkiete. Nesken kasuan, 18,7 kilometro izango dira guztira egin beharrekoak. Zirkuituari 5 bira eta 4 porteo emango dizkiete.
Asteazkenean atera ziren Zumaiatik Vienara (Austria) bidean, «bidaian bakarrik egun bat galtzen baita», kontatu dute Xabier Osa eta Ander Tolosa entrenatzaileek. Lehendabizi, Bilbon hartu zuten hegazkina Madrilera, handik beste bat Vienara, «eta han, Eslovakiako federazioak furgoneta batean hartu gaitu, Piestanyra eramateko», adierazi dute.
Ez dute denbora alferrik galdu nahi. «Lan asko egin dugu proba honetarako, eta horregatik, Espainiako Federazioa baino egun bat lehenago joatea pentsatu dugu. Tokira ere egokitzeko denbora behar baita», esan du Osak. Urteetako lanaren emaitza dela aipatu du entrenatzaileak. Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak, adibidez, 3-4 urte daramatzate elkarrekin entrenatzen eta K2a osatzen. «Ilusioarekin goaz, denboraldia ere honi begira prestatu dugu. Maratoira zuzendu gara, pistako probak alde batera utzita. Erresistentziako probetan, maratoia bezala, hobeto moldatzen dira».
Irati Osaren kasua bereziagoa izan da. Normalean K1ean lehiatzen da, baina Europako Txapelketan sartzeko proba, bikote batekin osatutako K2an egin zuen, eta, txartela lortzeko gai izan ziren. «Iratik eta Ainhoak Europako txartela lortzeko, aurretik 4-5 aldiz bakarrik entrenatu zuten batera. Beldur ginen ez zutela lortuko, baina azkenean egin zuten. Bigarren iritsi ziren sailkatze proban, eta orain hemen dira», aipatu du Osa entrenatzaileak. Irati Osak eta Hidalgok denbora gutxi izan dute txapelketa prestatzeko, eta batera entrenatzeko ere arazoak izan dituzte, ez baitira herri berekoak. «Gainera, biak indibidualki lehiatzetik datoz, eta pentsaera ere horrela dute. Bien artean hitz eginda eta erabakita osatu dute bikotea».
Kasu bietan, beste herrialdeetako aurkarien erreferentziarik ez dute. «Disfrutatzera joatea nahi dugu, esperientzia gustura bizitzera. Zein izango den lorpena? Beharbada ekarriko dute dominaren bat, ez dakigu. Ilusioa dugu, baina ez dakigu nolako aurkariak izango dituzten. Guk gure lana oso ondo egitea nahi dugu. Hortik aurrera ikusiko dugu, zortea ere beharrezkoa izaten baita».
Taldearen garrantzia
Zumaiako taldetik, 3 pertsona bakarrik aterako dira lehiatzera, baina Xabier Osak, batez ere, talde osoaren lana goraipatu nahi du. «Gure lorpen handiena, entrenatzeko eta lanerako ilusio handia duen talde bat sortzea izan da. Bihar zer pasatuko denari begiratu gabe. Pertsona asko inplikatzen ari da ilusio berera. Alegia, ez da soilik parte hartuko duten hiru gazteen ilusioa eta lana. Talde guztiarena da, eta guk horri eman nahi diogu garrantzia. Biharkoa benetakoa izatea, errealitatea izatea, lantalde osoaren lanaren emaitza da».
Lehiatzera eta borrokara ateratzeko intentzioa dute. «Han ez da oparirik egongo. Gero, hango presioak nola eragingo dien? Psikologikoki saiatu gara burua hotz izateko prestatzen, baina ikusi beharko dugu beraiek nola erreakzionatzen duten».
Espainiako Txapelketa irabazi zuten Imanol Barruetabeñak eta Unai Gerekak maiatzean. Hori dela eta, Europako eta Munduko Maratoi Txapelketan jokatzeko txartela lortu zuten. Biharkoa bukatu ondoren, irailean Oklahoman (AEB) jokatuko duten Munduko Txapelketa izango dute jomuga.