Zestoan merkatariek aste honetan jaso beharko dituzte edukiontziak

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 12a

Hondakinak biltzeko Zestoan jarriko duten sistema berriaren harira, Urola Erdiko Mankomunitatea azken pausoak ematen hasi da. Jakinarazi duenez, herriko merkatariek gaur dute kuboak jasotzeko azken eguna. Horretarako, Hondakinen Informazio Bulegotik pasatu beharko dute, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Era berean, udalak eta mankomunitateak bilketa sistema komunitarioaren inguruko formakuntza tailerrak antolatu dituzte herritarrentzat. Datorren asteartean (ekainaren 17an) eta ostegunean (ekainaren 19an), udaletxeko udalbatzar aretoan izango dira saioak, 17:00etan, 17:30ean, 18:00etan eta 18:30ean. Ordu erdiko tailerrak izango dira, eta bertan hondakin bakoitza nora bota behar den argituko dute. Aste honetan Herri Eskolan ere izan dira trebakuntza saioak egiten. Sistema komunitarioaren inguruko informazioa eman eta hondakinak modu egokian nola sailkatu azaldu diete hamar eta hamabi urte bitarteko ikasleei. Herrigunean eta Iraeta eta Arroa Behea auzoetan erabiliko dituzten edukiontzietako batzuk ere atondu dituzte, Zestoan Garbi kanpainako tximeletak jarriz. Mankomunitatearen esanetan, «harrera ezin hobea» izan dute, eta neska-mutilen interesa eta parte hartzea nabarmendu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide