Itxas-Gain kirol elkarteko jubenil mailako hiru piraguista, Unai Gereka, Imanol Barruetabeña eta Irati Osa, asteburu honetan Eslovakiako Piestany herrian jokatuko den Europako maratoi txapelketan hartuko dute parte. Urte osoko plangintzaren emaitza da txapelketan parte hartu ahal izana. Eslovakia eta Austriaren arteko mugan dagoen Piestany herrian jokatuko da aurtengo Europako txapelketa, herri hori zeharkatzen duen Váh ibaian. Asteazkenean hasi eta igandera bitartean jokatuko da txapelketa, baina jubenilen hitzordua larunbatean izango da: 9:00etan gizonezkoena eta hiru minutu geroago, 9:03an, emakumezkoena. Mutilek 22,5 kilometroko proba beteko dute (6 bira zirkuituari eta 5 porteo) eta neskek 18,7 kilometrokoa (5 buelta eta 4 porteo). Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak osatuko dute ontzi bat; Irati Osak Plentziako piraguista bat, Ainhoa Hidalgo, izango du kide berean. Kirolariek, eta beraiekin joango den Ander Tolosa entrenatzaileak, asteazkenean joan ziren Eslovakiara. Gazteak animatzera joango den familiarteko eta lagunen taldeak gaur egingo du bidaia. “Espainiako selekzioak ostegunean egin behar zuen bidaia, baina guk egokiago ikusi dugu egun bat lehenago joatea”, zioen Xabier Osa entrenatzaileak astelehenean. “Ostegunean joatea berandu iruditzen zitzaigun. Egun bat bidaiarako behar da, beste bat asentatzeko. Denbora behar da asentatzeko, janariak ere desberdinak dira eta, tontakeria badirudi ere, klimak ere eragin dezake Ostiralerako asentatuta egotea nahi dugu, txapelketa honetara [...]