Bi surflari Zarauzko hondartzan taula eskuetan dutela. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Larunbatean hasiko da hondartza denboraldia Zarautzen eta herritar eta bisitari mordoa bilduko da hondartzan datozen hilabeteetan. Azken urtetan surfaren inguruan Zarautzen garatu den jarduera ekonomikoak herritarren aisialdia oztopatu ez dezan, surf eskolek itsasoan hartzen duten espazioa mugatu du Zarauzko Udalak. Aurten bost surf eremu izango dira Zarauzko hondartzan eta orduero horietako bakoitzean surfean aritu litezkeen surf ikasle kopurua zehaztu dute. "Itsasoa guztiona da eta itsasoaz gozatu nahi dugun guztiok izan behar dugu horretarako aukera" azaldu du Aser Lertxundi udaleko kirol zinegotziak.
Munoa ingurua, Eguzki Lore parea, Zarauzko Damaren aurreko aldea, Argiñano parea eta kanala izango dira kirol eremuak. Aurrerantzean horietako eremu bakoitzean ikasleak surfean aritu daitezen ordua hartu beharko dute surf eskolek programa baten bidez; gainera, uneoro eremu bakoitzean libre dagoen toki kopurua ikusteko aukera ere izango dute. "Modu horretan uretan surf ikasle gehiegi egoteagatik sortu daitezkeen arriskuak ekidingo ditugu" adierazi du kirol zinegotziak. Munoa aurrean orduero gehienez 18 ikasle aritu ahalko dira surfean, Argiñano parean 24 ikasle, Dama eta Eguzki Lore surf eremuetan bakoitzean 30 ikasle eta kanalean 54 surf ikasle. Gainera, ikasleek eta surf begiraleek behar den bezala identifikatuta joan beharko dute koloretako likren bidez. Zarauzko Udaletik argi utzi nahi izan dute araudi horrek surf eskolei soilik eragiten diela, beraz bere kabuz surf egitera doana orain arte bezala nahi duenean sartu daiteke uretara.
Kirol eremu bakoitzeko jarduna behar bezalakoa izan dadin Gurutze Gorriak surf eremuetako ikuskari zerbitzua jarriko du martxan. "Ikuskaritza zerbitzua larunbatean bertan hasiko da. Sorosle horiek kirol eremuak kontrolatzeaz arduratuko dira, baina bainu hartzaileen prebentzioa ere landuko dute eta era berean arrisku egoeretan sorosle zerbitzu orokorraren gehigarria ere izango dira" azaldu du Gurutze Gorriko ordezkari Alex Garatek.