Igandean jarriko dute martxan TAO sistema Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 12a

Igandetik aurrera «ezinbestekoa» izango da TAOko txartela autoan itsatsi eta ordainketa eginda izatea. Egun horretan jarriko da martxan aparkaleku arautuen sistema herri osoan. Iaz zabaldu zuten TAO herri osora, eta aurten ere bide beretik jarraituko dute. «Beste ezer baino lehen» etxean TAOko txartelarekin batera jasotako ordainagiriko datuak zuzenak diren egiaztatzea komeni dela nabarmendu dute Zarauzko Udaletik. Daturen bat aldatu beharko balitz, gutunazalean jasotako txartela zein ordainagiria hartu eta TAOko bulegora jo beharko da datuok zuzentzera eta txartel berria jatsotzera. Datuak zuzenak badira, txartel berria autoan itsatsi beharko da, dagokion kopurua ordaindu ondoren. Jarduera ekonomikoari dagokionez, iaz txartel mota hori izan zutenek aurten zuzenean jasoko dute etxean. Lehen aldiz erabiliko dutenek, berriz, TAOko bulegora jo beharko da hori eskuratzeko. Horretarako, jarduera ekonomiko hori egiteko ibilgailua behar dutela justifikatu beharko dute erabiltzaileek. Aurten zazpi langilek pasatu dute dagoeneko TAOko zainketa lanak egiteko hautaketa prozesua. Lanbideren bidez kudeatu dute hori; lan horretarako profil aproposak eskatu zizkion udalak zerbitzu horri. Azterketa horiek gainditu zituzten 15 lagunek ahozko beste proba bat egin dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide