Eragileak ez ezik, udalak ere ‘fracking’-aren aurka hasi dira

Nerea Uranga 2014ko ekainaren 12a

Fracking-ik gabeko udalerri izendatu dituzte Azpeitia, Zumaia eta Zestoa. Hiru herrietan mozio bana onartu dute: Zestoan izan ziren aurrenak fracking-ik gabeko udalerri izendatzen (apirilaren 29ko plenoan) eta beste bietan azken udalbatzarretan erabaki dute. Zestoan EH Bildukoen alde botoarekin onartu zen, eta EAJkoak abstenitu egin ziren. Zumaian maiatzeko ohiko udalbatzarrean onartu zuten EH Bilduren eta Aralarren aldeko botoekin. Azpeitian, berriz, ekainekoan, EH Bilduren aldeko botoekin. Azpeitiko EAJk, berriz, kontramozio bat aurkeztu zuen. Fracking izenarekin ezagutzen da lur azpitik gasa ateratzeko teknika. Ameriketako Estatu Batuetan izan da garatua, eta haustura hidraulikoaren teknikarekin lurpean diren arbel eta eskistoetatik gasa lortzen dute. Horretarako, milaka metroko zuloak egiten dituzte lurrean, eta horietatik hondarra eta produktu kimikoak sartzen dituzte presio handian. Horrek gasa lortzeko aukera ematen du. Zumaiako, Zestoako eta Azpeitiko udalen arabera, Eusko Jaurlaritzak sistema honen «aldeko apustua» egin du: «SHESA, %100ean diru publikoko enpresa da, gure lurraldean eman diren hidrokarburoen ikerketa baimenen bultzatzailea. Ez da interesa duen enpresa bakarra, baina bere baimenekin hartzen du lurralde eremu handiena». Azpeitiko etxebizitza bateko balkoian 'Fracking ez' dioen maindirea (Nerea uranga/Hitza) Hainbat herritan eragina Fracking-aren kontrako plataformakoen arabera, Urola Kostako hainbat udalerri daude fracking-aren «mehatxupean». Izan ere,  aurrez aipatutako enpresa horrek Sustraia eta Landarre eremuetan azterketa probak egiteko baimena du eskatuta. Eta lur eremu hori Gipuzkoaren %40 da. Eguzki talde ekologistakoen arabera, Urola Kostan zuzeneane ragingo die Azkoitiari, Azpeitiari, Zestoari eta Aiari. Baita Urola eta Oria ibaiei ere. Azpeitiko, Zumaiako eta Zestoako udalek onartutako mozioan nabarmendu dute gasa ateratzeko teknika hau erabilitako lur eremuetan hainbat arazo sortu direla: edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoak gertatzea, airearen kutsadura, lurren okupazioa eta putzuen inguruan bizi diren bizilagunengan osasun arazoak. Ondorio kaltegarri horiek «txosten eta ikerketa zientifikoetan dute oinarria», haien arabera. Horregatik, Urola Kostako hiru udal horietan fracking-erako eskatutako baimen guztiak bertan behera uzteko eskatu dute. Horrez gain, herri sarreretan Fracking ez leloa duten seinaleak jartzea ere onartu dute. Era berean, gasa lortzeko metodo honen kontrako hainbat plataformek abiatutako Herri Ekimen Legegilearekin bat egin dute. EAJ, ikerketa proiektuen alde Azpeitiko EAJkoek bestelakoa eskatu zuten plenoan, horretarako kontramozio bat aurkeztuta.  Eskatu dute «ingurumeneko arautegiaren eta zuhurtzia oinarrien arabera, gas ez konbentzional hobien ikerketa eta miaketa proiektuak egitea, onartzea eta, hala erabakiz gero, hauek garatzea». Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten Zientzia Batzorde Independiente bat sortzeko, fracking-aren teknikaren bilakaera aztertzeko. Jeltzaleek uste dute udalak «komunitatearen garapenerako estrategikotzat» hartu behar duela inguruan dagoen edozein energia gordekin. Kontuak kontu, udalak ez zuen mozio hori onartu. Azpeitiko Gaztetxean Fracking-aren eraginaz informatzeko mugitzen ari dira Azpeitiko Gaztetxean ere. Orain dela bi urte haustura hidraulikoaren gaineko hitzaldi bat antolatu zuten. «Beti izan dugu gogoa gaiari heltzeko, baina ez ginen hasten. Orain ekin diogu gaia lantzeari», azaldu du Jon Agirre Azpeitiko Gazte Asanbladako kideetako batek. Hala, maiatzaren bukaeran Gasland dokumentala eman zuten Gaztetxean, eta Sanjuandegiko festetan fracking-aren kontrako sinadurak biltzeko mahaia ere ipini zuten. Orain Gaztetxean egiten ari diren Garagardo Azokan ere bilduko dituzte sinadurak. Uztailaren hasieran beste hitzaldi bat antolatzeko lanean ari dira: «Fracking-aren gainean izango da, baina oraindik data zehazteko dugu». Gazte asanbladakoen ustez, gaia lantzeak merezi du, baita informazioa zabaltzeak ere: «Benetan zer eragin dakarren jakin beharra daukagu, eta garbi dago horren atzean betikoen interesak daudela».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide