Herriko bi ikastetxeetako ikasleek parte hartu zuten zutabe margoketan (Karkara)
Hirugarren ikasturtea osatu berri du Orioko Curriculuma Sortzen taldeak. Aurten informazio bilketa fasean murgilduta ibili dira bertako kideak eta hainbat arlotako adituak, eta bihar 19:00etatik aurrera aurten egindako lanak aurkeztuko dituzte Orioko Kultur Etxean. «Informazio bilketa nola egin dugun aurkeztuko dugu ekitaldian; horretaz gain, herriko bi ikastetxeetako zuzendariek datorren ikasturteari begira Orioko Curriculuma proiektuarekin zein konpromiso hartzen dituzten ere azalduko dute», azaldu du Iñigo Gaiton Orioko Curriculuma Sortzen taldeko kideak.
Hezkuntza proiektu berritzailea da Orioko Curriculuma, eta hasieran erreferenterik ez zutenez, proiektua nola bideratu erabakitzeko «zailtasunak» izan zituztela aitortu dute. «Dena dela, informazio bilketa fasea oso ondo joan da, eta oso gustura gaude. Gainera, urtean zehar antolatu ditugun ekintzetan ere herritar kopuru politak parte hartu du, eta pozik gaude», azaldu dute.
Azken asteetan, esaterako, autobide azpiko zutabeak margotzeko saioa izan dute martxan herriko bi ikastetxeekin elkarlanean. «Horrela, egitasmoarekin Orioko Curriculuma proiektua ikasleek eta herritarrek ezagutzea eta proiektuak berak ikastetxeetan presentzia izatea lortu nahi genuen», argitu du Gaitonek.
Parte-hartze prozesua
Musika, natur zientziak, gizarte zientziak eta euskara landu dituzte aurten, eta horretarako arlo horietan adituak diren oriotarren laguntza izan dute. Datorren ikasturteari begira asmoa da azken hilabeteetan osatu dituzten txostenak herritarrekin partekatzea. «Udazkenean txostenak Orioko ikastetxeetako irakasleek irakurtzea eta beren iritzia eman edo ekarpena egitea nahi dugu. Eta gero, txosten horiek prozesu parte-hartzaile baten bidez herritarrekin partekatuko ditugu», azaldu dute. Behin ikastetxeen eta herritarren oniritzia jasotakoan, behin betiko txostenak aurkeztuko ditu Orioko Curriculuma taldeak.