Getarian Balentziaga eta Erruera kalea lotu dituzte igogailu baten bidez

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko eka. 12a, 04:07

Igogailu berria Getarian (Aiora Larrañaga/Hitza) Mugikortasun arloan urrats garrantzitsua eman zen pasa den astean Getarian, Alde Zaharraren eta herriko goiko aldearen arteko lotura indartu baitute Balentziaga kalea eta Erruera kalea lotzen dituen igogailuaren bidez. Gero eta jende gehiago bizi da herriaren goiko partean, eta horri Getariaren orografia gehituta, Getariako Udalak beharrezkoa ikusi zuen Alde Zaharraren eta berriaren arteko lotura erraztea. Lotura nola egin aukeratzerakoan, modurik egokiena igogailua dela argi izan du udal gobernuak. «Gure helburu nagusia herritar guztien irisgarritasuna bermatzea da, eta bereziki lehenetsi beharrekoak dira behar gehien dituzten pertsonak eta mugikortasun arazo larriak dituztenak. Hala nola, gurpildun aulkia dutenak, adineko pertsonak, ibiltzeko arazoak dituztenak nahiz beste edozein motatako ezintasun fisikoak dituztenak», azaldu du Getariako Udalak. Balentziaga kalea eta Erruera kalea lotzen dituen igogailuak 730.000 euroko kostua izan du. Horri aurre egiteko 400.000 euroko diru laguntza jaso du udalak Eusko Jaurlaritzatik, beraz 330.000 euro ordaindu behar izan du Getariako Udalak. «Igogailua egiteko udalak ez du zorpetu beharrik izan, bere baliabideekin egin dio aurre. Izan ere, udalaren egoera ekonomikoa pixkanaka azken hiru urteetan hobetzen ari da, eta horren adibide da igogailuaren proiektua», zehaztu dute. Irisgarritasuna bermatuz Herriko irisgarritasuna hobetzen saiatu dira azken urteetan Getariako udal gobernu desberdinak. Aurreko legealdian, esaterako, eskailera mekanikoen 2. fasea garatzeko proiektua landu zuten. Gaur egungo udalak aukera horren eragozpenak azaldu ditu, ordea: «Proiektuak milioi bat euroko kostua zuen, eta urteroko mantenua ere oso garestia ateratzen zen. Egungo eskailera mekanikoen mantenua, esaterako, 47.000 eurokoa da». Gainera, funtzionalitateari dagokionez, udala ohartu zen ez zituela irisgarritasun baldintzak betetzen. «Behar gehien dutenek ezingo lituzkete erabili», azaldu dute; horregatik erabaki zuen Getariako udal gobernuak igogailuaren proiektua egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide