Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero bezala, Aste Kulturala antolatu dute Francisco Zurbaran elkarteko kideek. Extremadurako ohiturak eta kultura zabaltzea dute helburu, Extremadura Zarautzera gerturatuz. Aurtengo egitasmoa bizikidetza sendotzeko baliatuko dute. Giroa berotzen joateko, mus txapelketa bat egingo dute etzi 22:30ean Francisco Zurbaran elkartean.
Igandean ekingo diete jardunaldiei, agurrarekin eta mokadutxo batekin, 12:20ean. Astelehenean, berriz, David Riverok Hegaluzearen arrantza Kantauri itsasoan hitzaldia emango du. Askotariko teknika eta ohiturei buruz jardungo du 19:00etatik aurrera. Bertaratzen direnen galderak ere erantzungo ditu. 30 minutu iraungo du gutxi gorabehera.
Hilaren 17an, Extremadurako ardo dastaketa egingo dute, 19:00etan. Haurrei eskainiko diete, berriz, asteazkena: hainbat jolas egingo dituzte hala, 17:00etatik aurrera. Parte hartuko duten umeei askaria emango diete.
Ekainaren 19an eta 20an erretiratuentzat bingoa eta kuatrola txapelketa egongo dira, hurrenez hurren. Osteguneko jardunaldia 18:00etan hasiko dute, eta ostiralekoa 22:30ean. Informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek www.hefranciscodezurbaran.net gunea bisitatu dezakete.