Zarauzko hondartza (Lorentxo Portularrume)
Turismo eredu berri bat diseinatzeko, alor hori dinamizatzeko eta garatzeko plan orokorra osatuko du Zarauzko Udalak, CICtourGUNE zentroarekin eta Ereiten Kultur Zerbitzuekin elkarlanean. Plan horrek bi atal izango ditu: batetik, turismoari lotutako jarduerak uda garaira ez mugatzeko eta turismo potentziala hobetzeko komunikazio eta dinamizazio plana egingo dute; bestetik, tokian tokiko turismoa kudeatzeko eredua sortuko dute.
Hori guztia herritarren zein turismoko eragileen laguntzarekin landu nahi dute. Horregatik, hainbat tailer eta jardunaldi antolatu dute, zarauztarren proposamenak jasotzeko. Aurrez azterketa bat egin dute, elkarrizketetan oinarrituta. Eragile publikoei eta askotariko sektoretako ordezkariei egin dizkiete elkarrizketak. Horren helburua Zarauzko ezaugarri orokorrak kontuan izanda, herriaren neurriko eskaintza turistikoa osatzea da.
Komunikazio eta dinamizazio planaren barruan, lau ardatz jorratuko dituzte Ereiten-eko arduradunek: kirola; kultura eta ondarea; gastronomia eta txakolina eta teknologia berrien sustapena. Hain zuzen, hainbat saio egingo dute gai horien inguruan eragileekin eta herritarrekin ekainean zehar. Astelehenean egin zuten lehenbizikoa. Behin hori burututa, hilabete amaieran aurkeztuko du udalak emaitza.
Bigarren fasean, turismo eredu berria diseinatuko dute CICtourGUNEko kideek. Horretarako aurrez egungo eredua aztertuko dute, eta hori moldatu ahal izateko gizarteko eta ingurumeneko esparruak zein ekonomikoak eta teknologikoak landuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, urrian aurkeztuko dute plan orokor horren inguruko txostena.
Udalaren arabera, turismoa «gakoa» da herriko ekonomiarentzat da, eta hala, horren garapenean lanean diharduten agente guztiek parte hartzea «beharrezkoa» da.Hortaz, merkatariak, ostalariak, turismoaren inguruan lan egiten dutenak eta, oro har, zarauztar guztiak saio horietan parte hartzera gonbidatu dituzte.