Langile bat enpresa batean lanean. (Egilea: Onintza Lete)
Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa txiki eta ertainek Labide Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda duten langabetuak kontratatu ditzaten diru-laguntzak emango ditu. Lanbidek finantzatuko ditu diru-laguntzak, baina udal elkarteak kudeatuko du deialdia. Diru-laguntza horiek jaso ahal izateko enpresek Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian kokatuta egon behar dute eta zerga betebeharrak egunean ordainduta izan behar dituzte. Enpresek Urola Kostan erroldatuta dauden herritarrak kontratatu behar dituzte eta ez dute diru-laguntzarik emango enpresaburuaren, enpresa zuzendariaren eta seozietatean izaera juridikoa duten enpresen administrazio organoetako kide diren pertsonen ezkontideak, seme-alabak eta gainerako senideak kontratatzeko. 2014ko irailaren 1etik 2015eko maiatzaren 15era bitartean egindako lan kontratuak lagunduko ditu udal elkarteak diruz eta kontratuek gutxienez hiru hilabete iraupena izan beharko dute, lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke.
Eskabideak Urola Kostako Udal Elkartearen erregistro orokorrean aurkeztu behar dituzte enpresa arduradunek eta horiekin batera dokumentazio gehigarria entregatu beharko dute. Deialdiaren oinarriak eta informazio zehaztua
www. urolakosta.org webgunean eskuratu dezakete interesatuek.