Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatea leporatuta 26/11 sumarioan auzipetutako Olatz Izagirre bizilagun azpeitiarra eta gainerako 39 auzipetuak. Hala bost hilabeteko epaiketaren eta beste lau hilabeteko itxaronaldiaren ostean, «motxila astunaren zama» gainetik kenduta sentitzen da Izagirre.
Absoluzio sententzian jasotzen denez, akusatuak Segiko kide zirenik ezin izan da frogatu, ez dute kale-borrokan parte hartu eta euren ekintzak Segirekin zerikusirik ez zuen Gazte Independentistak antolakundearen bitartez egindako ekintza politikoak soilik zirela azpimarratzen du. Ramon Saez eta Manuela Fernandez epaileek eman dute absoluzioaren aldeko botoa, Nicolas Poveda magistratuak, berriz, aurkakoa eman du.
Kasuaren ikerketa abiatu eta atxiloketak agindu zituen Fernando Grande-Marlaska epailearen jarduteko modua ere kritikatu dute sententzian. Izan ere, epaiketan zehar jasotako «tortura salaketa eta kontakizunak ikertzea epaiketa honen helburu ez zen arren», inkomunikazio garaian egindako polizia aurreko deklarazioetan jasotako autoinkulpazioek zalantzan jartzen dute adierazpen horiek «askatasunez» egindakoak diren eta horregatik ezin dira akusatuen aurkako forgatzat erabili Saez eta Fernandezen iritziz. Hala dio epaiak: «Inongo atxiloketek, ezta inkomunikazio moduan egindakoek ere, ezin dute helburutzat izan inputatuaren aitortza, bere giza eskubide oinarrizkoak urratuko bailirateke».
Dignidad y Justicia, akusazio partikularrak helegitea aurkeztuko duela aurreratu du.
Bost urteko prozesua
Gaur itxitako auziak 2009ko azaroaren 24ko sarekadan du jatorria. Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 34 gazte atxilotu zituzten. Gau hartan, Azpeitian, Izagirreren etxean ere izan ziren, baina gaztea ez zuten han aurkitu. Polizia operazioaz geroztik, iheslari politiko bezala bizi izan zen Donibane Lohitzunen, 2010eko maiatzaren 6an Frantziako Poliziak Asier Coloma, Gaizka Likonarekin eta Carlos Renedorekin batera atxilotu zuen arte. Urte horretako ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak eta Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an atera zen kartzelatik baldintzapeko askatasunean eta 12.000 euroko fidantza ordainduta.
Iazko urritik aurtengo martxora bitartean egin zuten gazteen aurkako epaiketa, Madrileko Auzitegi Nazionalean. Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eta Dignidad y Justicia akusazio partikularrak hamar eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu zituzten auzipetu guztientzat. Azpeitiko bizilaguna Segiren prentsa arduraduntzat eta Gipuzkoako arduraduntzat jo zuen fiskalak, Guardia Zibilaren ikerketak, miaketetako materiala eta beste auzipetuek berari buruz esandakoak oinarri hartuta.
Defentsaren abokatu Aiert Larrartek absoluzioa eskatu zuen guztientzat, besteak beste, frogatzat hartuta dituzten inkulpazioak, torturapean egindako deklarazioak zirelako eta «ezin direlako baliogarritzat hartu». Izagirreren kasuan, justiziari beharrean, «injustiziari, inkomunikazioari eta torturari» egin ziola ihes esan zuen.
Babesa, artean beharrezko
Azpeitiko Libre dinamikak adierazi duenez, «auzipetuek beraiek bezala, herritarron gehiengo zabalak pozez hartu du Olatzen absoluzioaren berria, eta momentu goxo hauetan, momentu zailetan bezala, gure babesa eta berotasuna adierazi nahi diogu. Albiste benetan pozgarria da inolako arrazoirik gabe espetxeratua izateko arriskuan zegoen herritar bat gure artean jarraituko duela jakitea», adierazi dute.
Izan ere, auzipetuek babes keinu ugari jaso dituzte azken hilabeteetan Euskal Herri osoan. Azpeitian bertan, ehunka herritarrek elkartasuna agertu izan dute 26/11 eta 35/02 sumarioetako auzipetuekiko, eta hamaika ekitaldi egin izan dituzte haiei babesa emateko asmoz.
Izan ere, auzipetuek babes keinu ugari jaso dituzte azken hilabeteetan Euskal Herri osoan. Azpeitian bertan, ehunka herritarrek elkartasuna agertu izan dute 26/11 eta 35/02 sumarioetako auzipetuekiko, eta hamaika ekitaldi egin izan dituzte haiei babesa emateko asmoz. Hain zuzen, 35/02 edo Herriko tabernen auziko auzipetuek epaiaren zain jarraitzen dute. Tartean da Joseba Permach zarauztarra. 4 urteko espetxe zigorra eskatzen du berarentzat fiskalak; Esther Arregi zarauztarraren eta Mikel Arregi Ertxin zestoarraren aurkako eskaerak, berriz, bertan behera utzi ditu. Euskal Herriko 110 herriko taberna ere epaitu dituzte, ETA finantzatzea egotzita eta «erantzule zibil» izatea leporatuta. Horien artean daude Azpeitiko Orkatz, Azkoitiko Zakela, Getariko Harralde, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe.