Xabier Azkue, Baleikeko lehendakaria: "Herriari esker egin dugu aurrera, eta geure ekarpena egin nahi diogu"

Baleike 2014ko eka. 10a, 18:40

Xabier Azkue (Zumaia, 1971) Zumaiako Udaleko euskara teknikaria eta bertso eskolako kidea izateaz gain, Baleike aldizkariaren sortzailea ere bada. Horretaz gain, Baleike Kultur Elkarteko lehendakaria da, eta azken urteotan administrazio eta kudeaketa arloetan aritu da laguntzen. Aldian behin, testuekin ere kolaboratzen du. 1994. urteko ekainean kaleratu zen Baleike-ren lehen zenbakia. Nola gogoratzen duzu garai hura? Zumaiako Gazte Batzordearen ekimena izan zen aldizkaria ateratzea. Bilera baterako deia egin zuten, taldetxo bat elkartu eta proiektua lantzen hasi ginen. Inguruan ari ziren beste aldizkari batzuk sortzen, eta haiek hartu genituen eredutzat, gazteen gaiak gehituta. 20 urteko ibilbide honetan aldaketetarako tartea ere hartu duzue. Zeintzuk izan dira aipagarrienak? Hamabostekari bihurtzea erabaki genuen garaia izan zen mugarrietako bat, profesionalizaziorako urratsa izan zelako. Hala ere,  zaila izan zen erritmo hari eustea. HITZA sortu zenean izan zen beste aldaketa handi bat, eta bi aukera izan genituen mahai gainean: pertsiana jaitsi ala aldizkaria goitik behera aldatu, osagarritasunaren bila. Bigarren aukeraren aldeko apustua egin genuen, Gorka Zabaletak landutako proiektuari helduta. 2004an etorri zen beharbada inflexio puntua, eta garai berrietara egokituz, webgunea eratu zenuten. Jauzi garrantzitsua, ezta? Oso garrantzitsua, bai. Urtez urte indarra hartuz joan da, eta gaur egun webguneak askoz dedikazio handiagoa eskatzen du aldizkariak baino, ia egunero elikatu behar izaten delako. Bazkideen ekarpenei esker egiten du aurrera webguneak, eta aurten berriz eguneratu behar dugunez, bazkidetza kanpaina berezi bat prestatzen ari gara. Sariek eta aipamen bereziek ere beren tartea izan dute. Zer ekarri du horrek? Aurrera egiteko indarra, zalantzarik gabe. Txikiak garela badakigu, baina geure mailan gauza duinak eta kalitatezkoak egin ditzakegula frogatu dugu. Komunikazio proiektu gisa aldizkaria eta webgunea ondo uztartzen asmatzea izan da Baleike-ren giltzetako bat. Hainbat ekitaldi antolatu dituzue urtemuga ospatzeko, eta uztailaren 5ean, festa handi batekin amaituko dira ospakizunak. Zein da zuen nahia honi begira? Herriari esker egin dugu aurrera, eta geure ekarpena egin nahi diogu Zumaiari. Talde eta elkarte asko dago Zumaian, eta komunitate edo sare moduko bat bultzatu nahi dugu, batak bestearen berri izan eta elkarrekin proiektuak lantzeko. Uztailaren 5ekoa kaleko jaia izango da, goizez eta arratsaldez, eta herri bazkari bat egin nahi dugu tartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide