Urrestillako San Joan jaiak gerturatzen ari dira, eta horien barruan herri kros lasterketa antolatu du Urrestillako festa batzordeak larunbat honetarako. Aurrez izena ematea doakoa da maila guztietako korrikalarientzat herrikrossa.com webgunean. Lasterketa egun berean, aldiz, jubenilek, seniorrek eta beteranoek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Plazan jarriko dute horretarako mahaia.
Larunbatean, 17:00etan hasiko dira lasterketak, korrikalari txikienen txanda izango da lehenik eta mailaz maila jarraituko dute, nagusietaraino. Kadete, jubenil eta nagusien lasterketa 18:00etan hasiko da.
Maila guztietako lehenengo hiru sailkatuek garaikur bana jasoko dute, eta haur guztiei domina eta oroigarri bana emango zaie. Parte-hartzaile guztien artean, gainera, opari ederrak zozkatuko dituzte.
Festa giroari eutsiz, lasterketa ostean, 19:30ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiek emanaldi bat eskainiko dute Urrestillako kaleetan barrena.
Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute Azpeitiko auzoan. 12:00etan meza nagusia ospatuko dute, eta 14:00etan bazkaria.