'Rise and shine' antzerki musikala sortu dute Barquerok eta Alberdik

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 11

Xabier Barquero eta Kari Alberdi hamazazpi eta hamazortzi urteko bi gazte azkoitiar dira. Barquero Bigoterik Gabea Azkoitiko antzerki taldeko kidea da, eta urte asko darama mundu horretan. Alberdi, berriz, telesail musikal baten zalea da. Esperientzia gehiagorekin edo gutxiagorekin, bien zaletasunak uztartu, eta Rise and Shine antzerki musikala sortu dute. Aste honetan estreinatuko dute lana, Baztartxo antzokian, eta haren bezperetan, azken entseguetan buru-belarri dabil taldea. «Eguna gerturatzen ari den heinean, urduriago gaude», aitortu dute. Inguruko lagunen eta Bigoterik Gabea taldeko beste hainbat kideren laguntzarekin gauzatu dute proiektua. «Antzerki taldeko batzuk kanpora joan dira, eta ez nuen ezer egin gabe egoterik nahi. Geratzen ziren taldekideei proposatu nien antzerki musikala egin nahi nuela, eta hala hasi zen proiektua», azaldu du Barquerok. Ideia osatu, istorioa idatzi, txukundu, eta 25 laguneko taldea osatu dute. «Taldeko batzuk gertukoak dira. Aurrena dantzariak eta abeslariak bilatu genituen, eta ondoren casting bat egin genuen, eta hala osatu genuen taldea». Orain, prest dute guztia ostiraleko eta igandeko emanaldietarako. Etzi, 22:00etan izango da estreinaldia, eta igandeko saioa 18:00etan izango da, Baztartxo antzokian. Saiora joateko sarrerak salgai daude dagoeneko, udaletxeko Kultura Sailean eta Etxe-Aitz tabernan. Egunean bertan, Baztartxoko leihatilan ere salduko dituzte. Euskaraz eta ingelesez Barquerok azaldu duenez, «aspalditik» zuen gogoa musikal bat egiteko. Alberdi, berriz, AEBetako Glee telesail musikalaren zalea da. Fox telebista-kateak emititzen duen umorezko telesail horretako istorioa nerabeen institutu batean gertatzen da, eta New Directions deritzon abesbatzako kideen gertaerak ditu kontagai. Rise and Shine antzerkia sortzerako orduan, beraz, telesail hori izan dute oinarri. «Bi talde aurkezten dira dantza eta kantu lehiaketa batera; urtero talde berak irabazten du, eta besteak galdu. Lehiakortasun handia dago bien artean, baina orain taldekide berriak daude, eta gauzak aldatu egingo dira». Hori da istorioaren argumentua. Ahozko istorioa euskaraz kontatuko dute, eta ingelesez abestu. Gaztearen arabera, eredu amerikarrari jarraitzen dio narrazioak; «umorea jorratu nahi izan dut, baina oso zaila da hori egitea. Amodioa eta desamodioa ere badago istorioan. Oro har, istorio hau tragikomedia bat dela esan genezake». Barquero duela zazpi urte inguru Xabier Munibe Ikastolako antzerki taldean hasi zen, eta ondoren hango batzuk Bigoterik Gabea taldea osatu zuten. Egun, berriz, umeei antzerkia erakusten die. Esperientzia horretatik abiatuta, antzerki hutsak baino, musikalak entretenigarriagoak direla deritzo: «Antzerkiarekin batera, musika eskaintzea izaten da umeei gehien gustatzen zaiena. Lan osoa hitzetan soilik oinarrituta baldin badago, askotan aspertu egiten dira». Lanaren zuzendarietako bat ez ezik, obraren aktoreetako bat ere bada gaztea, eta «konplexua da bi lanak uztartzea». Aurretik ere aritu izan da lan horietan, baina «halako proiektu handi bat» sortu duen lehen aldia izan da. «Ez nago ohitura horrenbeste pertsonekin lan egitera, eta entsegu egunak zehaztea eta guztiok elkartzea izan da zailena». Antolaketa lanetan, udalaren laguntza izan dute. Hasiera batean pentsatutakoa baino makalago joan zaie prozesua, berez martxoan aurkezteko asmoa baitzuten. Dena den, obra gauzatzeko bidean «gustura» sentitu dela azpimarratu du Barquerok. «Gustatu zait lana; gainera, beti nahiago izan dut zuzentzea antzeztea baino». Emaitza datozen egunetan ikusi ahal izango bada ere, lanarekin pozik da egilea, eta taldeko batzuk dagoeneko ari dira antzezlanaren bigarren zati batekin pentsatzen. Egileek espero dute ikusleen gustukoa ere izatea antzezlana. Azkoitiko bi emanaldien ostean proiektua inguruko herrietara zabaltzeko asmoa dute, eta horretan lanean dabiltza egun. Bien bitartean, Barquerok argi du antzerkigintzan jarraitu nahi duela, «alde batean zein bestean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide