Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken sei urteetan uda iristearekin batera munduko hainbat herrialdetatik iritsitako oriotarrek beren jaki eta produktuak herriko plazara atera dituzte. Urtez urte indarra hartzen joan da Kultur Aniztasunaren Jaia, eta aurtengoan ekainaren 14an, larunbat honetan, egingo dute jaia. Denera 13 herrialdetako guneak jarriko dituzte plazan, eta bakoitza herrialde horretako kulturaren eta gastronomiaren erakusgarria izango da. Marokoko, Brasil-Bahiako, Portugalgo, Nikaraguako, Txileko, Saharako, Senegalgo, Hondurasko, Ekuadorko, Aljeriako, Mexikoko eta Argentinako postuak jarriko dituzte.
Hasiera batean udalaren asmoa Kultur Aniztasunaren Jaia San Pedro jaietan ospatzea zen. Azken bi urteetan egin duten bezala, udalak pentsatu zuen horrela «hobeto» betetzen duela egitasmoak bere helburu integratzailea. Dena dela, batzorde antola-
tzailearen gehiengo handi batek nahiago izan du jaia aparte ospatzea aurten. «Antolatzaileei iruditzen zaie herriko jaiez aparte eginda identitate propioa hartzen duela festak. Gainera, sanpedroetan eginez gero igandearekin egin beharko litzateke, larunbaterako Karkara-ren 25. urteurreneko jaia egitea aurrikusita dagoelako. Hala, nahiago izan zuten jaia larunbat honetan egitea, gauean zertxobait luzatu zitekeelako festa. Azkenean, adostasun batera iritsi gara, eta hala egitea erabaki dugu», azaldu du Jabier Zabaleta Orioko Euskara teknikariak.
Oro har Orioko Udala gustura dago Kultur Aniztasunaren Jaiak herritarren artean izaten duen harrerarekin. «Jatorri desberdinetako oriotarrek aipatzen dute beren kultura ezagutarazteko oso festa aproposa dela, eta bertako jendearekin harreman sarea sortzeko ere balio diela. Beraz, jaiak betetzen du bere izaera integratzailea».
EGITARAUAEkainak 13, ostirala
- 19:00etan, Futbol Partida Mundiala jokatuko dute Mendibeltz Futbol Zelaian mundu osotik Oriora etorritako lagunek eta bertakoek.
Ekainak 14, larunbata
- 12:00. Haurren dantza saioa eta zumba saioa.
- 13:00. Kultur Aniztasunaren Jaiko adierazpenaren irakurketa eta bertso saioa.
- 17:00. Nikaraguako dantzak eta kantak.
- 18:00. Munduko dantzen ikuskizuna.
- 19:15. Kirkintxo musika taldea.
- 20:15. Fusio taldeak euskal musika eta musika latinoa joko du.
- 21:30. Salsa dantza lehiaketa.
- 22:00. Cristian DJ-aren emanaldia.