Maiatzeko osoko bilkuran aho batez onartu zuten plaza berritzeko herri galdeketa egitea, eta une hartan jarri zen martxan kontsultaren prozesua. Herriko sei arkitektok aurkeztutako proiektuetatik hiru aukeratu zituen udalak, eta duela aste batzuk atera zituzten proiektu horiek argitara. Arkitektoek beraiek azalpenak eman zituzten udaletxeko arkupeetan antolatutako ekitaldian, eta herriko hiru gunetan informazio panelak ipini dituzte proiektu bakoitzaren zehaztasunak azalduz: udaletxe azpian, Betharram eskolaren pasabidean eta Baigera II atariko horman.
Plazan bertan, bestetik, ikusgai da Plaza bizia kale erakusketa ere, herriko jaiek nahiz egoera bereziek plazan utzi dituzten irudien erakusketa, hain zuzen. Hiru dira herritarrek erantzun beharreko galderak. Batetik, plaza ibilgailuei ixtea nahi duten ala ez galdetuko zaie. Alde Zaharra eta plaza oinezkotzeak guneko merkatariengan sortutako kezkak argitu eta baretu nahian, udalak publiko egin berri ditu plaza oinezkotzea aukeratuz gero hartuko dituzten neurriak: Soreasuko aparkalekuaren erabilera sustatzea edo kaleak goizetan ibilgailuentzako zabalik mantentzea, besteak beste. Bigarren galderan, kioskoa mantentzearen alde ala aurka bozkatu beharko da. Herritarrek hura mantentzea erabakiko balute, berritu egin beharko litzateke, azpiegitura zaharkitua baitago. Azkenik, arkitektoek aurkeztutako hiru proiektuetatik gustukoena aukeratu beharko dute herritarrek. Kontraesanerako aukerak Dena den, arkitektoen proiektu horiek galdeketaren emaitzek diotenaren arabera moldatu egin beharko dira. Izan ere, gerta liteke hautesle gehienak bat etortzea euren erantzunetan, eta emaitza oso garbi bat ateratzea. Baina gerta daiteke kontrakoa ere, esaterako, jendeak lehenengo edo hirugarrengo proiektua aukeratzea (kioskorik aurreikusten ez dutenak biak) eta kioskoa mantentzearen aldeko botoak ematea. Horregatik, galdeketa ostean batzorde bat eratuko da plaza berriaren ezaugarri guztiak zehazteko eta plaza nola berrituko den erabakitzeko. Plaza eraberritzeko lanak abuztuan edo uda ostean hastea aurreikusi du udalak. Uztarria-k elkarrizketa digitalak egingo dizkie hiru arkitektoei gaur arratsaldean, 15:00etatik aurrera. Galderak egin eta elkarrizketak jarraitzeko: uztarria.com