Mari Jose Aranguren urrestildarra Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusi berria da

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 10a

Mari Jose Aranguren izango da Orkestrako zuzendari nagusi berria (Deustuko Unibertsitatea) Mari Jose Aranguren (Azpeitia, Urrestilla, 1969) da Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusi berria. Arangurenek, ezaugarri eta herrialde askotako 30 ikertzaile baino gehiagoko lan taldea gidatuko du. Orkestrak zuzendaritza nagusia indartzeko apustua egin du, eta zuzendariorde Ibon Gil de San Vicente izendatu dute. Orain arte, Mari Jose Aranguren Institutuaren zuzendari akademikoa izan da. Deustuko Unibertsitatearen webgunearen arabera, Mari Jose Arangurenek esan du: "Gureaxedea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko ikertzea da, eta erronka horrek eraman nau Institutuaren zuzendaritza hartzera". Deustuko Unibertsitatetik adierazi dutenez, zuzendari nagusi berriak Institutuaren une estrategiko batean hartuko du postu berria: "Hain zuzen ere, Institutua ikerketa-ekintza eredua sustatzen ari da, eta horren bidez, herri administrazioei eta enpresei laguntzen, EAEren lehiakortasunari eragiten dioten benetako arazoei irtenbidea bilatzeko proiektuez baliatuz". Arangurenek Orkestran erakundea sortu zenetik (2006tik) egin du lana, eta 2012tik Institutuaren zuzendari akademikoa izan da. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da, eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomiako irakasle titularra. Nazioarteari dagokionez, hainbat liburu eta argitalpen idatzi ditu, eta Europako Batasunean Horizon 2020 programaren aditu aholkularia da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide