Aratz Olaizola bigarrena izan da Zarauzko XXVI. Udaberri Sariko helmugan

Aritz Mutiozabal 2014ko ekainaren 10a

[Sasoian.info] 65 txirrindularik hartu zuten parte Zarauzko XXVI. Udaberri Sarian, 78 kilometroko ibilbide ederra bezain gogorra osatzeko helburuarekin. Meaga gainera iristerako tropeltxotan sakabanatu ziren parte-hartzaileak, eta buruan 17 ziklistaz osatutako multzo bat, Aratz Olaizola zarauztarra barne. Lasterketak aurrera egin ahala, lehen tropeltxo horretatik hiruk ihes egin zuten: Aratz Olaizola (Zarauztarra), Mikel Alonso (Andoaingo) eta Cyril Barthek (Orthezienne). Urtetako igoerak erabakiko zuen garailea nor izango zen, eta azkenean, hainbeste aldapa gainditu ondoren, esprintean, Cyril Barthe izan zen irabazlea. Aratz Olaizola bigarren helmugaratu zen

 Zarauztarra taldeko beste bi txirrindularik ere parte hartu zuten, Joseba Uzkudunek eta Kepa Iribarrek, biak ala biak amaitu zuten proba. Bestalde, Jokin Aranburu, Espainiako hautatzailearen esanetara, pistako entrenamenduak osatzen dabil Mallorcan, eta ezin izan zuen parte hartu.

Asteazkenean, ekainaren 11n, arratsaldeko 19:15etatik aurrera, Aizarnazabalen, Gipuzkoako Txapelketa Banakako Erlojupeko modalitatean lehiatuko dute Aratz Olaizolak eta Jokin Aranburuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide