Hasierako erronka, gaindituta

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 10a

Egin zuen beroarekin, jendearen jarrera ikaragarria izan da. Zaharrak, gazteak, jende ezaguna, eta arrunta... denetarik elkartu zen, eta horrek erakusten du mugimendu honen aniztasuna». Gustura ziren atzo Gure Esku Dago mugimenduko arduradunak. Bai behintzat Azpeitikoak eta Zarauzkoak. Bi herri horietako bakoitzetik 1.500 herritarretik gora joan ziren igandean Durango eta Iruñea lotu zituen giza katera. «Ni hona etorri naiz munduko pertsona, elkarte, herri, eta denori zor zaigun erabakitzeko eskubidearen alde neure hondar aletxoa emateko». Jokin Uranga bertsolari azpeitiarraren hitzak dira, baina Urola Kostako 5.000 lagunetik gorako beste edozeinenak izan zitezkeen. Eskualdetik, izan ere, guztira 5.000 lagunetik gorak aldarrikatu zuen erabakitzeko eskubidea. 10:00ak jo eta handik minutu gutxira, manifestazio batek 42. kilometroa hartu zuela zirudien Urretxun, Deskargako hasieran. Zarauztarrak eta oriotarrak, beren tokietara gerturatzen hasi ziren, eta beste ezer baino lehen bi lan izan zituzten herritarrek: eguzkitako krema ematea aldapan gora hasi aurretik, eta itzala aurkitzea giza katearen ordura arteko itxaronaldirako. Batzuk ondo prestatuta joan ziren: kapelekin xumeenak, aterkiekin eta eguzkitakoekin, anbiziotsuenak. Jan-edanak fresko mantentzeko hozkailu eramangarriak ere ikus zitezkeen. Beroari aurre egiteko ezer ez zen soberan igande goizean. 42.kilometroan ez ezik, eskualdekoek hartu zituzten gainerakoetan ere egoera antzekoa izan zen. 11:20 aldera eman zuten abisua antolatzaileek: errepide bazterrean tokia hartzen hasteko. Hortik aurrera, ordubetez baino gehiagoz probak, abestiak, umorea eta kexak nahastu ziren. Itzal gutxiko tokietan zeudenen lana errazteko litro eta erdiko ur botilak banatu zituzten kamioi batetik, eta jendeak gustura hartu zituen, motxiletako ura ederki epelduta baitzegoen ordurako. Kamioi berean ez bazen, oso antzekoan trikitilariak ere pasatu ziren ibilbidetik, doinu alaiak eskainiz. Errepidearen zabaleran olatu amaigabeak eginez, txirrindulariei Tourrean ari zirela sinestaraziz euren animoekin, abestuz... iritsi ziren 12:30ak, baina nor bere tokian zintzo mantendu zen antolatzaileek autobusetara itzultzeko agindua eman arte. Ospakizuna errepide bazterrean bertan hasi zuten batzuek, San Miguel garagardo latak zabalduta. Gero, etxerako bidea hartzea erabaki zuten askok, eta aldarria festa bilakatzea, beste askok. Abiapuntua izan da «Inportantea zen ahalik eta indar gehien egitea, eta argi ikusi da jendeak babestu duela ekimena eta nahi dela erabakitzeko eskubidea norberak izatea. Elkarlanean jarraitzeko itxaropena ematen digu», azaldu zion atzo HITZAri Txumai Iturria Zarauzko Gure Esku Dago taldekoak. Azpeitiko taldeko Josu Alberok, berriz, hurrengo pausoei buruz hitz egin zuen. Izan ere, ekainaren amaieran batzar bat egingo dute Gure Esku Dago taldeek. «Orain arteko ibilbidea baloratuko dugu. Hau abiapuntua izan dela argi dugu, eta espero dugu dinamikak indar handia hartzea orain». Ideia hori azpimarratu du Iturriak ere: «Igandean ez zen ezer bukatu, abiapuntua izan zen». Udazkenean batzar zabalagoa egitea da asmoa. «Batzar horrekin espero dugu 2015ean ildo estrategiko bat finkatuta edukitzea», azaldu zuen Alberok. 5.000 lagun Urola Kostatik Giza katean parte hartu duten Urola Kostako herritarrak. Egunkari honek eskuratutako datuak gutxi gorabeherakoak dira, antolatzaileek ezin izan baitute zehaztu herri bakoitzetik zenbat lagun joan zen igandean giza katera. Baina zantzu guztiena arabera, 5.000 lagunetik gora izan ziren. Azpeitiarrek, esaterako, 1.595 kontatu zituzten; zarauztarrek, 1.500; zumaiarrek 500dik gora; getariarrek, azkoitiarrek eta zestoarrek 400 inguru, etab.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide