Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldi onarekin batera, garagardoa edari gozagarriena bihurtzen da askorentzat, eta horren lekuko da garagardo festek udararen bueltan izaten duten harrera. Hala, Azpeitiko Gaztetxea edari honek hartuko du beste behin datozen egunetan. Zortzigarren urtez egingo dute Garagardo Azoka, eta ohi bezala, «giro aparta» agindu dute antolatzaileek.
Bihartik igandera bitartean zabalduko dute azoka, eta 18:00etatik aurrera, gutxienez zortzi garagardo mota edateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohi bezala, batzuk arruntak izango dira, eta 2,70 eurotan salduko dituzte; garagardo bereziek, berriz, 3,70 euro balioko dute. Edariaz gain, janaria ere eskainiko dute larunbatera bitartean, «prezio merkean»; besteak beste, saltxitxak eta saltxitxa-ogitartekoak, albondigak, solomoa eta beste hainbat jaki egongo dira salgai.
Ez da aldaketa handirik izango aurtengoan, eta ohiko formatuari eutsi diote antolatzaileek. Dena den, oraingoan ez da zuzeneko musikarik izango. «Txotx denboraldia egin dugunean astero izan dira kontzertuak, baina Garagardo Azokarako aurten ez dugu horretarako apusturik egin», esan dute. Zuzeneko saioen ordez, askotariko musika jarriko dutela aurreratu dute.
Azpeitiko Gaztetxeak, gainera, fracking-aren inguruko lanketa hasi du, eta horren kontrako sinadurak biltzen ari dira egun. Sanjoandegiko festetan, esaterako, informazio postu bat jarri zuten, eta orduan bezala, herritarrek haustura hidraulikoaren aurka sinatzeko aukera izango dute Garagardo Azokan zehar ere.
Azkoitian segida
Jende asko elkartu ohi da gaztetxean festa horren barruan; «urtero jende dezente etortzen da, eta gaztetxea bete egiten da», baieztatu dute. Aurten, ordea, Azkoitiko Garagardo Azokarekin batera egokitu da Azpeitikoa, baina hala ere jendea joango denaren esperantza badute.
Hain zuzen, Azpeitia-Azkoitia SBk antolatutako seigarren Garagardo Azoka hasi zuten aurreko asteburuan Azkoitian. Jende ugari elkartu da lehen egunetan, eta hurrengo asteburuan ere zabalduko dute, 19:00etatik aurrera. Gainera, larunbatean mus txapelketa azkarra egingo dute. Bikoteko 30 euro ordainduta, Azkoitiko Zurt tabernan eta Azpeitiko ISB tabernan eman daiteke izena. Egunean bertan, berriz, 14:30ak artean eman daiteke, plazan.