EAJko ordezkari Rosi Antia, Getariako alkate Nika Lertxundi eta Baketik Fundazioko kide Iker Uson. (Aiora Larrañaga/ Hitza)
Azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan den gatazka politikoak gizartean zauri asko eragin dituela argi dute Getariako Udalbatza osatzen duten hiru udal taldeek. Horregatik, Getariako Udalak eta Baketik Fundazioak herri mailako programa bat abiatu zuten azaroan «gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzeko». Aurreko hilabeteetan herritarren parte-hartzean oinarritutako eztabaidak egin dituzte, eta datozen egunetarako
Bakea eta Elkarbizitza: iragana, oraina eta etorkizuna izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Norabide berdinean eginez lelopean. «Bizikidetzaren berradiskidetze prozesu bat beharrezkoa da gizarteko zauri horiek sendatzen joan daitezen; horrek ez du esan nahi denok lagunak izan behar dugunik, elkarren arteko onespenean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza bat sortu behar dugula baizik», iritzi zion Iker Uson Baketik Fundazioko ordezkariak jardunaldien aurkezpenean. Horretarako antolatzaileei beharrezkoa iruditzen zaie iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko begirada partakatzea; «iraganarekiko begirada kritikoa, orainarekiko begirada eraikitzailea eta etorkizunarekiko begirada prebentiboa jorratu behar ditugu», azaldu zuten.
Bizikidetzaren alde Getarian martxan dagoen prozesuan herritarren parte-hartzea «ezinbestekoa» dela uste dute Bildu, EAJ eta Getaiko Independentea udal taldeek. «Elkarbizitza ez da soilik alderdi politikoen gaia. Sentsibilitate desberdinetako pertsonen parte-hartzea behar da, eta horiek biltzeko espazio partekatuak sortu behar ditugu, elkarri entzun eta eztabaidatzeko». Hain zuzen ere, hori lortu nahi dute gaur abiatuko duten jardunaldiekin. Paco Etxeberria antropologo forentseak irekiko du egitasmoa, gaur 19:00etan, Alondegian, eskainiko duen hitzaldiarekin.
'Bakea eta Elkarbizitza’ jardunaldia
- Ekainak 10, asteartea. 19:00etan, Alondegian Paco Etxeberriarekin
Egia, justizia eta erreparazioa gaiaz. 1936ko gerratik gaur egun arte izan diren giza eskubideen urraketak azalduko ditu, eta biktima guztiek dituzten hiru eskubideen garrantziaz arituko da: egiaz, justiziaz eta erreparazioaz. Ondoren, gaiaz eztabaidatuko du herritarrekin.
- Ekainak 12, osteguna. 19:00etan, Alondegian, oraina izango dute aztergai.
Hablan los ojos dokumentala emango dute; bertan, Gorka Espiau zuzendariak sei pertsona, sei bizipen eta sei ikuspegi jasotzen ditu. Ondoren, gaiaz eztabaidatuko dute.
- Ekainak 14a, larunbata. 10:30etik 13:30era «metodologia parte-hartzailean oinarrituz» Getarian bizikidetza sustatzeko eta lortzeko egin beharrekoaz hausnartuko dute herritarrek.