Balentziaga kalea eta Erruera kalea lotzen ditu igogailu berriak. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Mugikortasun arloan urrats garrantzitsua eman zen pasa den astean Getarian, Alde Zaharraren eta herriko goiko aldearen arteko lotura indartu baitute Balentziaga kalea eta Erruera kalea lortzen dituen igogailuaren bidez. Gero eta jende gehiago bizi da herriaren goiko zatian eta horri Getariaren orografia gehitura, Getariako Udalak beharrezkoa ikusi zuen alde zaharraren eta berriaren arteko lotura erraztea. Lotura nola egin aukeratzerakoan, modurik egokiena igogailua dela argi izan du udal gobernuak. "Gure helburu nagusia herritar guztien irisgarritasuna bermatzea da eta bereziki lehenetsi beharrekoak dira behar gehien dituzten pertsonak eta mugikortasun arazoa larriak dituztenak. Hala nola, gurpildin aulkia dutenak, adineko pertsonak, ibiltzeko arazoak dituztenak edota beste edozein motako ezintasun fisikoak dituztenak" azaldu dute Getariako Udaletik.
Balentziaga kalea eta Erruera kalea lotzen dituen igogailuak 734.750 euroko kostua izan du. Horri aurre egiteko 405.551 euroko diru-laguntza jaso du udalak Eusko Jaurlaritzatik, beraz 329.199 euro ordaindu behar izan du Getariako Udalak. "Igogailua egiteko Udalak ez du zorpetu beharrik izan, bere baliabideekin egin dio aurre. Izan ere, Udalaren egoera ekonomikoa pixkanaka azken hiru urteetan hobetzen ari da eta horren adibide da igogailuaren proiektua" zehaztu dute.
Mugikortasuna errazteko proiektuak
Herriko irisgarritasuna hobetzen saiatu dira azken urtetan Getariako udal gobernu desberdinak. Aurreko legealdian esaterako eskilara mekanikoen 2. fasea garatzeko proiektua landu zuten. "Eskileren proiektuak milioi bat euroko kostua zuen eta urteroko mantenua ere oso garestia zen, egungo eskilara mekanikoen mantenua esaterako 47.000 eurokoa da". Gainera, funtzionalitateari dagokionez eskilara mekanikoen proiektuak "ez zituela irisgarritasun baldintzak betetzen" ohartu zen udal gobernua, "behar gehien dutunek ezingo bailituzkete eskilarak erabili" azaldu dute; horregatik erabaki zuen Getariako Udal Gobernuak igogailuaren proiektua egitea.