Bakea eta bizikidetza sustatzeko jardunaldiak aurkeztu dituzte. Ezkerretik hasita EAJko ordezkari Rosi Antia, Getariako alkate Nikanor Lertxundi eta Beketik Fundazioko kide Iker Uson. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan den gatazka politikoak gizartean zauri asko eragin dituela jakin badakite Getariako Udalbatza osatzen duten hiru udal taldeek. Horregatik Getariako Udalak eta Baketik Fundazioak «gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze kultura sustatzeko» herri mailako programa abiatu zuten 2013ko azaroan. Aurreko hilabeteetan herritarren parte-hartzean oinarritutako eztabaidak egin dituzte ekimenaren barruan eta datorren asterako
Bakea eta Elkarbizitza: iragana, oraina eta etorkizuna izeneko jardunaldiak antolatu dituzte
Norabide berdinean eginez lelopean. "Bizikidetzaren berradiskidetze prozesua beharrezkoa da gizarteko zauri horiek sendatzen joan daitezen; horrek ez du esan nahi denok lagunak izan behar dugunik, elkarren arteko onespenean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza bat sortu behar dugula baizik" azaldu du Iker Uson Baketik Fundazioko ordezkariak jardunaldien aurkezpenean. Horretarako antolatzaileei beharrezkoa iruditzen zaie iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko begirada partakatzea; "iraganarekiko begirada kritikoa, orainarekiko begirada eraikitzailea eta etorkizunarekiko begirada prebentiboa jorratu behar dugu" azaldu dute.
Bizikidetzaren alde Getarian martxan dagoen prozesuan herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" dela badakite Bildu, EAJ eta Getaiko Independentea udal taldeek. "Elkarbizitza ez da alderdi politikoen gaia soilik. Sentsibilitate desberdinetako pertsonen parte-hartzea behar da eta horiek biltzeko espazio partekatuak sortu behar ditugu, elkarri entzun eta eztabaidatzeko". Hain zuzen ere, hori lortu nahi dute datorren asteartean abiatuko duten
Bakea eta Elkarbizitza: iragana, oraina eta etorkizuna izeneko jardunaldiekin.
EGITARAUA
-
Ekainaren 10ean, asteartea, 19:00etatik aurrera Alondegian Pako Etxeberriarekin
Egia, justizia eta erreparazioa gaia landuko dute. Saioak hiru atal izango ditu. Lehenengo, 1936ko gerratik gaur egun arte izan diren giza eskubideen urraketak azalduko ditu eta biktima guztiek dituzten hiru eskubideen garrantziaz arituko da: egia, justizia eta erreparazioa. Ondoren, herritarrek beren artean gaia jorratuko dute eta jarraian herritarrek eta Etxeberriak eztabaidatuko dute gaiaz.
-
Ekainaren 12an, osteguna, 19:00etatik aurrera Alondegian oraina izango dute aztergai. Lehenengo
Hablan los ojos dokumentala emango dute; bertan Gorka Espiau zuzendariak sei pertsona, sei bizipen eta sei ikuspegi desberdin jasotzen ditu. Sei lagunen arteko iritzi trukaketa ere aurkezten du dokumenatalak. Ikus-entzunezkoaren ondoren herritarrek gaiaz eztabaidatuko dute eta jarraian herritarrek Gorka Espiauekin landuko dute gaia.
- Ekainaren 14an, larunbatean, 10:30etik 13:30ra metodologia parte-hartzailean oinarrituz Getarian bizikidetza sustatzeko eta lortzeko zer egin beharko litzateken jorratuko dute herritarrek.