Luis Alcala, paleontologoa: "Hegaztiak dinosauroak dira, arrakasta izan zuten dinosauroak"

Baleike 2014ko eka. 6a, 05:38

[caption id="attachment_98268" align="aligncenter" width="225"]Luis Alcala (Gorka Zabaleta/ Baleike) Luis Alcala (Gorka Zabaleta/ Baleike)[/caption] Irakasle dohaiak ditu Luis Alcalak (Teruel, 1959) paleontologoak. Sona handia lortu du zientzia munduan dinosauroen inguruan egin dituen ikerketa eta aurkikuntzengatik; eta, aldi berean, dakien hori guztia modu ulerterrazean eta erakargarrian esplikatzeko gaitasuna du. Zumaiako hitzaldian–aurreko astean– liluratuta utzi zuen haurrez eta helduz osatutako publikoa. Oraindik ere Zumaiara etortzen da bisitari despistaturen bat dinosauro bila... Bai, baina Zumaian ez dago dinosauroen arrastorik, ezinezkoa da, garai hartan itsasoren azpian zegoelako inguru hau guztia. Eta dinosauroak ez ziren itsasoan bizi. Narrasti handiak bai, baina dinosaurorik ez. Hala ere, ez ziren hemendik hain urruti bizi. Esate baterako, Huescako Pirinioetan, Sorian, Errioxan edo Teruelen. Dinosauroak akabatu zituen meteoritoak eragindako iridio geruza daukazue Zumaian. Biktimak Teruelen daude; zuek hiltzaileak utzitako arrastoa daukazue. Iberiar Penintsula oso leku garrantzitsua omen zen dinosauroen garaian. Pentsatu behar da orduan kontinenteak bat eginda zeudela eta Iberiar Penintsula erdi-erdian zegoela. Alde batetik bestera igarotzeko pasabide nagusia zen. Horregatik da oso garrantzitsua. Ez diogu guk bakarrik, ikerlari estatubatuarrek ere aitortzen dute. Penintsulan, dinosauroen aztarna eta hezurdura asko aurkitu ditugu, mota askotarikoak. Dinosauro batean pentsatzeko esaten badigute Tyrannosaurus Rex datorkigu burura automatikoki. Baina dinosauro hura ez zen Europan inoiz bizi izan. Ez, Ipar Amerikakoa da. Bere arbasoa Erresuma Batuan aurkitu zuten. Kontinenteak banatzen eta urruntzen hasi zirenean bereiztu ziren eta eboluzio propioa izan zuten, Rex bilakatu arte. Baina, egia da mundu osoan Amerikako dinosauroak direla ezagunak, saltzaile onenak direlako. Baina, hangoak bezain ikusgarriak, ederrak eta aberatsak dira hemengoak. Dinosauroen garaikoak dira, esate baterako, krokodiloak eta dordokak. Arbaso bera dute, gainera. Baina zerk bereizten ditu? Fosil bat aurkitzen duzuenean, zerk esaten dizue dinosauroarena den edo ez? Adibidez, garezurrean dordokek, krokodiloek eta gainontzeko narrastiek begietako eta sudurreko zuloak baino ez dauzkate. Ugaztunok, guk geuk, hirugarren zulo bat daukagu begien atzean. Bada, dinosauroek lau zulo zituzten. Horrez gain, dinosauroek zangoak bertikalean zeuzkaten, gorputzaren azpian. Narrastiek alboetara dauzkate eta gorputza altxatzeko ahalegin handia egin behar izaten dute. Hori abantaila handia izan zen dinosauroentzat, mugikortasun handiagoa eman baitzien. Dinosauroek 160 bat milioi urte egin zituzten Lurrean. Denbora tarte ikaragarri horretan aldaketa handiak gertatuko ziren, ezta? Dinosauro batengan pentsatzen dugunean beti etortzen zaigu animalia erraldoi baten irudia. Baina, dinosauroen munduan denetarik zegoen: handiak, erraldoiak, txikiak, oso txikiak, belarjaleak, haragijaleak, sarraskijaleak, hegalariak... Itsasoa salbu, espazio guztiak bete zituzten, eta denbora tarte hain luzean espezieak agertu eta desagertu ziren. Beno, denak ez ziren desagertu. Izan ere, hegaztiak dinosauroen oinordekoak dira. Dinosauroak dira berez, arrakasta izan zuten dinosauroak. Hegan egiteko gaitasuna garatu zuten, arnas hartzeko sistema berri oso eraginkorra, eta beste hainbat berrikuntza, eta gaur egun hemen ditugu, gure artean. 15.000 espezie hegazti baino gehiago ezagutzen dira. Ugaztunenak 5.000 inguru. Gizakia askoz berriagoa da, baina ugaztunak bizi izan ziren dinosauroekin. Nolako harremana zuten? Denbora geologikoan, aldi berean sortu ziren dinosauroak eta ugaztunak. Garai berekoak garela esan genezake. Baina, ugaztunak orduan oso animalia txikiak ziren. Dinosauroek utzitako espazioak bete zituzten. Segurunez, gaueko animaliak ziren gehienak. Ezagutzen den dinosaurorik handiena Argentinan dago, baina Europako handiena zuek aurkitu zenuten, Teruelen. Argentinosaurusa da orain arte ziurtatuta dagoen dinosaurorik handiena. Baina, Europan ere badaude ale erraldoiak, eta handiena Riodevan aurkitu genuen, 2003an. Ia 40 metro luze zen, eta 40 bat tona inguru pisatuko zituen. Ikaragarria. Baina, tamainatik baino askoz garrantzitsuagoa da ordura arte ezagutzen ez zen dinosauro mota bat delako. Dinosauro mota batzuk zergatik ziren hain handiak? Horren inguruan teoria bat baino gehiago dago. Belarjaleek kilo asko jaten zituzten egunero eta segituan agortzen zituzten elikagaiak. Arbolak-eta txikitu egiten zituzten. Etengabe janari bila mugitu beste aukerarik ez zuten, distantzia luzeak egiten zituzten eta horretarako zenbat eta handiagoa izan, askoz hobe. Gaur egun, adibidez, elefanteek 3.000 kilometro egin ditzakete batera eta bestera, janari bila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide