Zarautzen etxetik irteteko ezintasuna duenak laguntza jasoko du hilaren 16tik

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 6a

DYAko eta Zarauzko Udaleko ordezkariak. Iaz Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako DYA-k hitzarmena sinatu, eta Irtenbil programa jarri zuten martxan, lehenbiziko aldiz. Zerbitzuaren helburua da arazo fisikoengatik edo arkitektonikoengatik kalera irten ezin duten herritarrak laguntzea. «Mugikortasun arazoak dituzten zarauztarrei zuzenduta dago programa», azaldu du Karmele Alberdi Adinekoen zinegotziak: «Gurpildun aulkia erabiltzen dutelako, etxean igogailurik ez dutelako edo bestelako oztopoak dituztelako, etxetik atera ezinik geratzen direnek DYAkoen laguntza izango dute aurten ere udan zehar». DYAko Gizarte Zerbitzuetako arduradun Olatz Vilarrek gogoratu du zerbitzu hau ez dela bakarrik hirugarren adinekoentzat; lesioren bat izan dutenek ere erabil dezakete. Eguneko zerbitzuak—arazoak dituen pertsona etxetik jaitsi eta etxera igotzeak— 28, 50 euro balio du pertsonako, eta Zarauzko Udalak 10.500 euroko partida gorde du kostu horri aurre egiteko. Alberdiren arabera, pasa den urtean harrera «oso ona» izan zuen programak: bost pertsonek eman zuten izena, eta horiek behin baino gehiagotan atera ziren kalera. Erabiltzaileak «pozik» daudela azaldu du, haientzat esperientzia «oso ona» izan zela eta aurten ere «irrikitan» daudela programa martxan jarri eta etxetik irteteko. Vilarrek gaineratu du aurten «bateren bat gehiago» ere badagoela programa horretan parte hartzeko prest. Ekainaren 16an jarriko dute martxan, eta interesa dutenek irailaren 30era arte erabili ahalko dute zerbitzua. Aurten arratsaldez eskainiko dute, eta eskaera egiten dutenek egunero izango dute aukera etxetik irteteko. Hala ere, hori eskaeraren arabera antolatuko dute. Programan izena emateko Zarauzko Gizarte Zerbitzuetara deitu beharko dute, 943-005111telefonora. Behin eskaera jasota, DYAko teknikariak senitartekoekin bilduko dira, erabiltzailearen egoera aztertzeko. Mugikortasun arazoak dituztenen osasunaz eta pisuaz galdetuko diote, eta baita gurpildun aulkia erabiltzen duten ala ez ere, besteak beste. Etxea bera ere bisitatutako dute dituen ezaugarriak ezagutzeko, eskailerak nolakoak diren jakiteko... Teknikariek balorazioa egiten dutenean, erabiltzaileek zein baliabide behar dituzten erabakiko dute Gipuzkoako DYAkoek. Horrekin batera, senitartekoekin elkartuko dira berriz ere, astean zenbat irteera egingo dituzten adosteko. Bestalde, egun jakinen batean erabiltzaileren batek etxetik irten nahi ez badu, abisatu egin beharko du. Horretarako, Gipuzkoako DYAra deitu beharko du jakinarazteko, 943-464622 telefono zenbakira. Baliabide egokiak Gipuzkoako DYAk «baliabide egokiak» ditu mugikortasun arazoak dituztenei etxetik ateratzen laguntzeko. Gehien erabiltzen dituztenak honakoak dira: eskuzko beldarra eta scalamobil-a. Eskuzko beldarrak eskailera jaisteko bakarrik balio du, eta scalamobil-ak jaisteko zein igotzeko. Horrek gutxienez bost solairuko ibilbidea egiteko adina bateria du, eta DYAko ibilgailuetan kargatu daiteke. Horrez gain, liftcar deituriko gailua ere badu DYAk, baina hori erabiltzea ez da «hain ohikoa», Vilarren arabera: «Hori gurpildun aulkira lotzen da zuzenean, eta ondorioz, espazio handiagoa behar da hori erabili ahal izateko». Iaz ez zuten erabili, eta aurten eskaeraren arabera erabakiko dute behar duten ala ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide