Auzotarrek nahiz bisitariek Espabilau Eguna ospatuko dute bihar Lasaon

Olatz Prat 2014ko ekainaren 6a

Espabilau Eguna ospatuko dute bihar Lasaon, eta auzotarrek nahiz bisitariek ondo pasatzeko hamaika aukera izango dute, egun osorako egitarau oparoa antolatu baitute Azpeitiko eta Zestoako auzo horretan. Nabarmentzekoa da goizean jokatuko duten lasaotarren arteko herri-kirol erronka. Hiru taldetan banatuko dira, adinaren arabera, 12-30 urte bitartekoak, 31-40 artekoak eta 41etik aurrerakoak. Besteak beste, trontzan, sokatiran, txingetan, pelotan eta zaku-karreretan neurtuko dituzte indarrak. Indarraz eta bizkortasunaz aparte, ordea, sukaldaritza abileziak ere erakutsi beharko dituzte hiru talde horiek. Izan ere, herri-kirolen ostean paella lehiaketa jokatuko dute. Goizean zehar hamaiketakoa eta salda eskainiko dituzte. EGITARAUA - 11:00. Ttuntturroen kalejira. - 11:30. Lasaotarren arteko herri-kirol lehia. - 13:00. Paella txapelketa, herri-kiroletan aritu diren hiru taldeen artean. - 14:00. Herri-kirol eta paella lehiaketen sari banaketa. - 14:30. Herri bazkaria. - 16:00. Mus Txapelketa. - 17:00. Haurrentzako jolasak eta herri-kirolak. - Arratsaldean zehar. Argazki eta bideo emanaldia. - 20:00. Espabilau Bertso Kalejira trikitilariekin. - 21:00. Afaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide