Giza katerako aurreikuspen guztiak gainditu dituzte Urola Kostan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ekainaren 6a

Gure Esku Dagoko zortzi talde daude Urola Kosta eskualdean (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Bi egun barru, igandean egingo  dute erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Durango eta Iruñea artean. 123 kilometro luze izango ditu Gure Esku Dagok antolatutako kateak, eta antolatzaileek ibilbidea osatzeko 50.000 pertsona behar zituztela aurreikusi bazuten ere, aldarriak «zirrara» sorrarazi du euskal gizartean eta «egoerak gain hartu» die. «Azken egunetan posta elektronikoz milaka eta milaka lagunek eman dute izena, eta kendu egin behar izan dugu aukera hori. Joan den larunbaterako 60.000 lagunek erosia zuten giza kateko metro bana», azaldu dute. Dena dela, oraindik izena eman ez dutenek egunean bertan giza katean metroa erosteko aukera izango dutela jakinarazi dute. Euskal Herri osoan bezala, Urola Kostako herritarren erantzuna ere «paregabea» izaten ari da, eta herriz herri antolatzaileak «oso gustura» daude. Azpeitiko Gure Esku Dago-ko kide Josu Alberoren esanetan «inoiz Euskal Herrian izan den mobilizazio handiena izango da igandekoa. 1.500 lagun inguru joango gara Azpeititik, azpeitiarren %12, hain zuzen ere. Herrialde Katalanetan egin zuten Via Catalanarekin konparatuz gero, kontuan izan behar dugu bertan kataluniarren %6k eman zuela izena, ondoren hirukoitzak parte hartu bazuen ere, milioi eta erdi herritar inguruk», zehaztu dio azpeitiarrak HITZA-ri. Hasierako hilabeteetan herritarrek pixkanaka eman dute izena giza katean, baina «azken unean animatu» eta metroak erosten ari direla aitortu dute Urola Kostako antolatzaileek; ondorioz, eskaera horri irtenbidea eman ezinik dabiltza. Getarian eta Zumaian autobus gehiago antolatu nahi izan dute Gure Esku Dago-ko kideek, baina ez dute autobusik topatu. «Euskal Herrian ez dago autobusik libre, eta zenbait herritan Errioxatik eta Kantabriatik ekarriko dituzte. Gure kasuan autobusetan sartzen ez direnak autoetan joan daitezen antolatu ditugu», azaldu dute. Oriotarrek ere arazo berarekin egin dute topo. «Berandu egin dugu deialdia, eta autobusak lortu ezinda ibili gara. Azkenean, Zarautzen bazen tokia, eta bertara bideratu ditugu zenbait oriotar», azaldu du Rosi Lazkanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide