Pentekoste jaiak ospatuko dituzte asteburuan, Azkoitiko Martirietan

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 6a

Azkoitiko Martirieta auzoan Pentekoste jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Mus txapelketa batekin hasiko dituzte gaur festak, 22:00etan. Hango elkartean egingo dute saioa, eta lehenengo bikoteak txapela eta 200 euro eskuratuko ditu. Bigarren eta hirugarren egiten dutenek 100 eta 50 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, eta laugarrenari ardoa eta xanpaina emango diote. Larunbatean, 21:00etan, bertso afari bat egingo dute Iker Zubeldia eta Alaia Martin bertsolariekin, eta trikitilariek girotuko dute saioa. Hara joateko aurrez eman behar da izena, 653-011863 telefono zenbakira deituta. Igandean, berriz, egun osoko egitaraua izango dute. Ohi bezala, 11:30ean meza nagusia izango da, eta ondoren hamaiketakoa egingo dute Epelde eta Txibilter trikitilariekin. Umeek ere izango dute zer gozaturik, eta 12:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era puzgarriak jarriko dituzte haientzat. 18:00etan, amaitzeko, txokolatea banatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide