Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Anaitasuna Mendi Bazkunak Zazpi Kurutze mendi martxa antolatu du 21. urtez igande honetarako. Ez da berrikuntza handirik izango aurtengoan, eta antolatzaileek ohiko ibilbideari eutsi diote beste behin. Bi urtetik behin egiten duten martxan inguruko mendiak zeharkatzen dituzte parte-hartzaileek, eta 55 kilometrotako ibilbidea egiten dute. Distantzia bera mantentu badute ere, Martirietako zati bat moldatu egin dute. Orain arte errepidetik jaisten ziren Oletara, eta mendizaleentzat egokiago izateko, bidezidor bat egokitu dute Oletatik bidegorrira bitartean.
Igandean 04:00etan abiatuko dira Azkoitiko plazatik, eta handik Erlo, Attola, Sargoate, Hirukurutzeta, Izaspi, Irimo eta Oleta zeharkatuko dituzte, berriro plazara iritsi arte. Partaideek denbora tarte jakin bat izango dute gurutzera iristeko, eta han zigilatu egin beharko dute. Helmugara iristeko gehienezko muga 17:00etan jarri dute. Dena den, ez da egongo sailkapenik.
Martxan parte hartzeko aurrez edo egunean bertan eman daiteke izena; aurrez, www.kirolprobak.com atarian edo Azkoitiko Etxeza haragitegian eman daiteke izena, 15 eurotan. Modu honetara egin nahi dutenek gaur izango dute azken eguna. Igandean bertan, berriz, martxa hasi baino ordu erdi lehenago ere eman ahal izango dute izena, 20 eurotan. Anaitasunak esan duenez, normalean 300 lagun inguru ateratzen dira ibilaldian, baina oraingoz 140 lagun inguru daude izena emanda. «Aurten jende gutxiago izatea espero dugu. Zaila da egun bat zehaztea, mendi martxa asko izaten baitira. Gainera, aurten giza katearekin batera suertatu zaigu». «Martxa gogorra eta polita da», esan dute. Ez da nolanahikoa Zazpi Kurutze mendi martxa, «paisaia oso ederrak» baditu ere, aldapatsua eta gogorra delako. Beraz, han parte hartzeko «oso prestatuta» egon behar dela ohartarazi dute.