Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabanes Oroimenezko V. Pilota Txapelketa hastear da. Gaur arratsaldean jokatuko dituzte finalerdiko partidak, 18:00etan hasita, Frontoi Txikin. Antolatzaileek jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero, Zinema pilotalekuan, Gaztelekuan, jokatuko dutela lehia.
Urtero bezala, Zarautz Kirol Elkarteko pilotari gazteak izango dira txapelketa honetako protagonistak, txapelketako parte-hartzaileak; hau da, kadete, infantil eta alebin mailako etxeko pilotariak. «Elkarteko pilotarien artean jokatzen dugu pilota txapelketa. Gure asmoa gaztetxoen artean pilotarako zaletasuna sustatu eta herritarrak ere pilotalekura hurbiltzea da», azaldu du Zarauzko Kirol Elkarteko Pilota Saileko kide Pablo Etxeberriak.
Gaztetxoek gogotsu jardun dute negu partean entrenatzen: «Pilota txapelketako partidak urtean zehar entrenamenduetan jokatzen ditugu jolas moduan, eta orain ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute». Parte-hartzaileen esanetan, gazteak «oso gustura» eta partidak jokatzeko «irrikaz» daude, zuriz jantzi eta txapelketa jendaurrean jokatuko dutelako. Gaurko kanporaketa gainditzen dutenek ekainaren 20an jokatuko dute finala toki eta ordu berean. Finalak jokatu ondoren, gaztetxoek merezitako saria jasoko dute.
Bestalde, ekainaren 28an, sanpelaioetako astearen barruan, Sebastian Aristi Oroimenezko XXV. Jaialdia egingo dute. Norgehiagoka hori ere Frontoi Txikian jokatuko dute, eguerdi aldean; bertan herriko pilotariak eta afizionatu mailako pilotariak ariko dira lehian.