TS-ko hiru langilek deklaratu dute, bulegoetako beharginak "beldurraraztea" leporatuta

Zestoako Hitza 2014ko ekainaren 5a

[caption id="attachment_98250" align="aligncenter" width="300"]Elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean, babesa emateko(Ane Olaizola) Elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean, babesa emateko
(Ane Olaizola)[/caption] Zestoako TS Fundiciones enpresako akzionista batek eta administratzaileak hiru langile salatu dituzte, ustez enpresako administrazio bulegoetako langileak beldurrarazteagatik. Hiru langileek atzo deklaratu zuten epailearen aurrean, Azpeitiko epaitegian, eta orain epailerari dagokio salaketarekin aurrera jarraitzea edo ez erabakitzea. Salaketa bide penaletara bideratu dute, eta beraz, epaileak edo fiskalak aurrera egitea erabakiko balute, sei eta hiru urte bitarteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete hiru langileei. Langileek atzo goizean deklaratu zuten epailearen aurrean, eta epaitegi atarian dozenaka langile elkartu ziren, haiei babesa emateko. TS-ko langileei epaiketarik ez zioen pankarta eskuartean, Azpeitiko Landetako biribilgunean elkarretaratzea egin zuten eguerdian ere. Egotzitako delitua ukatzen dute hiru langileek. Duela bi hilabete, enpresako likidazioaren berri izan ostean, enpresako bulegoetara joan ziren, azalpen eske. "Gure burua kalean ikusi genuen, eta egoera larri horretara nola iritsi ginen jakin nahi genuen, akzionistak zirelako informazioa eman zezaketen bakarrak. Erantzunik ez genuen jaso, eta Ertzaintzari deitu zieten. Orduan, modu baketsuan irten ginen handik". Langileak "kriminalizatuta" sentitzen dira. "Ikaragarria da hau guztia. Honek erakusten du langileak noraino mobilizatu gaitezken. Zerbait egitean, segituan jotzen dute epaiketetara, edo isunak jartzen dizkigute. Isilik egon gaitezen eta guztia onartzea nahi dute". Aurretik, 1800 euroko isuna ordaindu izan dute, "legez kanpoko elkarretaratzea" egiteagatik; heriotza mehatxuak egitea leporatuta, berriz, beste lau langileren aurkako auzia zabaldu zuten akzionistek, azkenean atzera bota bazuten ere. Era berean, Facebook sare sozialean langileek irekitako kontu batean egindako ustezko irainen ikerketa aurrera doa. Salaketa gehiago ere iritsi daitezkeela uste dute langileek. Bien bitartean, epaileak oraindik ez du haren likidazioa onartu, eta enpresak 10.000 euro zor die langile bakoitzari. Izan ere, oraindik TSko langile izaera izanik, "agonizatzen" daudela salatu dute. "Oso arduratuta gaude, ekonomikoki hondoratuta gaudelako. Enpresa lehenbailehen likidatzea nahi dugu, langabezi saria jasotzen hasteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide