Gizarte Zerbitzuetako laguntzak jasotzeko eskubideak, "bere betebeharrak" ere izango ditu aurrerantzean, Azpeitian

Olatz Prat 2014ko ekainaren 5a

Azpeitiko Udalak herritarren beharretarako bideratuko dituen dirulaguntzen berri eman du. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuetako Udal laguntzak emango dituzte; bestetik, etxebizitza alokairuetarako laguntzak. Gizarte Zerbitzuetako udal laguntzetarako 129.000 euro bideratuko dira, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Larrialditarako Laguntzen funtsetik. Hala laguntzak jaso ahal izango dituzte gutxienez 3 urtez Azpeitian erroldatuta dauden lagunek edota EAEn 6 urtez erroldatuta daudenek. Etxeko hipoteka edo alokairu gastuei aurre egiteko laguntzak izango dira, baita etxeko ohiko gastuak (argindarra, gasa, komunitate gastuak) edota etxeko asegurua ordaintzeko ere. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuak ekonomiarekin eta martxan dagoen Sustapen Planarekin lotu nahi izan dituzte. Horregatik, formazioaren hautua egiten duten langabetuentzat ere izango dira laguntzak. Batetik, ikastaroetako matrikularen %90 ordainduko zaie eta, bestetik, beste herri batera joan behar dutenen kasuan, garraioa ordaintzen ere lagunduko zaie. Formazioko laguntza hauek jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da 30 urte baino gehiago edukitzea eta gutxienez 2 urtez langabezian egotea. Edonola ere, oinarrizko beharrak herritar guztiei bermatuko zaizkie (elikadura, arropa, oinarrizko osasun premiak, etab) nahiz eta aipatutako baldintzak ez bete. Udal Gizarte laguntza hauek «filosofia batekin» egin nahi izan dituztela azaldu dute Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Eneko Etxeberria alkateak. Hala, «eskubide guztiek euren betebeharrak ere badituztela» nabarmendu du Etxeberriak. Horregatik, diru-laguntza hauek jasotzen dituztenek konpromiso orri bat bete beharko dute eta sustapen ekonomikotik antolatuko diren ikastaroetan parte hartu, herriko dinamikaren batean parte hartu edo euskara ikasi beharko dute, besteak beste. «Diru-laguntza pasiboak izan beharrean, laguntza aktiboak izatea nahi dugu», adierazi du Etxeberriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide