Hamabosgarrenez, erremonteko txapelketa Azpeitiko Izarraitzen

Olatz Prat 2014ko ekainaren 6a

Azpeitiko Erremonte Txapelketa (Miriam Tamayo/ Hitza) Hilaren 22an hasiko da Azpeitiko XV. Erremonte Txapelketa. Bi igandez jarraian, 22an eta 29an, kanporaketak jokatuko dituzte eta uztailaren 5ean jokatuko dute txapelketako finala. Horrez gain, txapelketarako giroa sortzen hasteko asmoz, lagunarteko partidak jokatuko dituzte hilaren 15ean. Batetik, Segurola eta Labaka Otaegi eta Aizpuru III.aren aurka ariko dira. Bestetik, Sagardo Txapelketako garaile Etxeberria IV.a eta Jon Etxeberria, Labrit txapelketako garaile Ezkurra II.a eta San Miguelen aurka ariko dira. Partida guztiak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dira, 18:00etatik aurrera. Aurten, lehen aldiz, taldeka antolatu dituzte pilotariak, Herriarteko Txapelketan egin ohi duten moduan. Era berean, talde bakoitzean afizionatu mailako bikote bat eta profesionaletako beste bikote bat ariko dira. Azpeitia A, B eta C eta Urrestilla talde bezala izendatu dituzte. Hilaren 22an Azpeitia A eta Azpeitia C taldekoak ariko dira lehian; hilaren 29an, berriz, Azpeitia B eta Urrestilla taldeak. Afari zozketa, astero Partidetarako 2 euroko sarrera sinbolikoa jarri dute, eta sarreraren zenbakiekin, afariak zozkatuko dituzte igandero. Hala, hilaren 15ean Larrañaga Hotelerako afaria emango da, hilaren 22an Loiola Hotelean, hilaren 29an Mikel Uria jatetxerako, eta uztailaren 6an Urrestillako Auntxa Erretegirako. Zozketan bertan egon beharko du zenbaki saridunaren jabeak, momentuan bertan agertzen ez bada, zozketa erreplikatu egingo baitute. Azken urteotan bezala, Oriamendi 2010 Erremonte Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute Azpeitiko Erremonte Txapelketa hau. AZPEITIA A - Afizionatuak. Imanol Ansa eta Ibai Martiarena. - Profesionalak. Unai Otaegi eta Ion Etxeberria. AZPEITIA B - Afizionatuak. Julen Agirrezabala Matxin VII.a eta Iñaki Arizaga. - Profesionalak. Eñaut Oiartzabal Matxin VI.a eta Igor Agirrezabala. AZPEITIA C - Afizionatuak. Jon Ander Elorza eta Xabier Ozaeta. - Profesionalak. Xuban Oiartzabal Matxin III.a  eta Jagoba Labaka. URRESTILLA - Afizionatuak. Ander Goikoetxea eta Ibon Zaldua. - Profesionalak. Aritz Etxeberria IV.a eta Jokin Aizpuru III.a.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide