Hainbat hedabidek elkarlanean emango dute giza katearen berri

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 5a

Igandean giza kateaz elkarlanean informatuko dute hainbat hedabidek, tartean UROLA KOSTAKO HITZA-k. Igandeko ekimena aproposa iruditu zaie hedabideen artean elkarlana sustatzeko. Apustu berezia egin, eta kalitatezko jarraipen anbiziotsua prestatzen ari dira. Hala, giza katearen berri zuzenean emango dute, eta bideoak eta argazkiak partekatuko dituzte, herritarrei eguneko irudi onenak eskaintzeko. Zuzeneko jarraipena Zuzeneko jarraipena modu askotara egingo da: sare sozialetako jarraipen koordinatuarekin; webguneetan giza kate osoko argazkiak bilduko dituen mapa interaktiboarekin; giza katea dokumentatuko da, argazkiekin eta ikus-entzunezko formatuetan, lurretik eta airetik; irrati bidez entzungo den eta webguneetan streaming bidez zuzeneko irudiekin hornituko den ikus-entzunezko saioarekin; gauean ordubeteko telebista saioarekin (Hamaika telebistan, besteak beste) etab. Sare honetan tokiko hainbat hedabidek hartuko dute parte: Hitza guztiek eta Tokikom-eko herri aldizkariek, kasu; nazio mailakoek ere bai, Berria eta Gara egunkariek, Argia aldizkariak eta Hamaikabat telebistak, kasu. Gurean, @ukHitza Twitter helbidean, urolakosta.hitza.eus webgunean, nahiz Facebook-eko helbidean jarraitu daiteke eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide